AKTUALITATEA


| 2025-09-25 08:29:00

Udal Gobernuak 2026ko ekitaldirako ordenantza fiskalen hasierako proposamena aurkeztuko du gaur batzorde informatiboan. Berritasunen artean, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga eta zaborren tasa hobari gehiago sartu dira. Horrela, 2026ko urtarriletik aurrera, urteko 24.865 eta 33.152 euro arteko errentek ere % 25 eta % 75 arteko beherapena izango dute zergan.
Beste berritasunetako bat da zergaren kuotaren ehuneko 25eko hobaria ezartzen dela sistema fotovoltaikoak jartzeagatik auzo-erkidegoetan edo udalerrian instalatutako energia-komunitateei lotutako higiezinetan.
Oro har, zergak eta prezio publikoak Hego Euskal Herriko KPIaren arabera eguneratuko dira, egungo tarifak baino % 2,65 gehiago. Hala ere, zaborren tasa eta kirol-jarduerekin lotutako prezio publikoak % 10 igoko dira. Aguraingo alkate Raúl López de Uraldek dioen bezala, "igoera horren arrazoia da sakoneko aldaketak egiten ari garela, bai hondakinak biltzeko zerbitzuan, bai mantentze-lanetan eta kirol-jardueretan, eta datorren 2026rako gastua nabarmen handituko dela aurreikusten da, zerbitzu horiek nabarmen hobetzeko".
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren kasuan, milioi bat euro baino gehiago fakturatzen duten enpresei aplikatzen zaien zerga-tasa 2tik 2,1era igoko da.
Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak azpimarratu du aldaketa horiek progresibotasuna hobetzen dutela eta, beraz, behar gehien dituzten aguraindarrei erantzuten dietela. "Ezinbestekoa da pertsona eta erakunde zergadunek beren ahalmen ekonomikoaren arabera ordaintzea eta, era berean, Udalaren baliabide ekonomikoak bermatzea kalitatezko politika publikoak garatu ahal izateko", nabarmendu du.