AKTUALITATEA


| 2024-10-01 07:56:00

Agurain. Aguraingo Udaleko langileen batez besteko adina 47,7 urtekoa da, eta langileen %32a 56 urtetik gorakoak dira. Hori dela eta, Aguraingo Udalak plantilla gaztetu, belaunaldien arteko erreleboa bermatu eta lanpostuak eta horien egitura organikoa udalerriko beharrizan berrietara egokitu ahal izateko prozesuari ekin nahi dio. Horretarako, Kudeaketa Publikoko Aholkulariak enpresari esleitu dio aholkularitza eta laguntza teknikoko zerbitzua, lanpostuen balorazioa egiteko. Kontratua 38.000 eurokoa da, eta lanak urtebeteko epean egin beharko dira.


Raul Lopez de Uralde alkateak azaldu duenez, Aguraingo Udalak 31 langile ditu guztira, eta "hurrengo urteetan gure udal antolaketa sakonki berregituratzeko aukera irekiko da". Prozesu honen helburua da egungo teknologia-eskakizunetara egokitutako titulazio eta konpetentziak dituzten lanpostu berriak sartzea, talde eta kolektibo jakin batzuetan geratzen den genero-arrakala ezabatzea, euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzea, plan jakin batzuetan gaitasun operatiboa handitzea...


Era berean, ezagutza atxikitzera bideratutako neurriak hartuko dira, erretiroa hartzeko zorian dauden pertsonek, erakundea utzi aurretik, beren ezagutzak eta esperientziak helaraz ditzaten.