Herrian, eta baita kanpoan, lan egiten duten kultura, kirol, gizarte... eragile ezberdinek ere, une ezberdinetan Udalak dituen baliabideak eskatzen dituzte euren jardueraren bat egiteko. Urte hauetan zehar ikusi da nola materialen erabilera baimentzeko erabakia, askotan, alkatetzak zuzenean hartu duen, bere irizpide pertsonalaren arabera, bestelako irizpide objektiborik gabe. Gobernu taldeak inposatutako iragazki horrek arazoak eta gatazkak sortu ditu.
Uste dugu funtzionatzeko modu hori ez dela egokia, eta erabakia beste modu batera hartu behar dela; ahal den neurrian, jarduerari dagokion arloko teknikariek hartu behar dute, irizpide objektiboen arabera eta beste inolako iragazki ideologikorik gabe.
Horregatik guztiagatik, honako hau proposatzen dugu:
Arautegi soil bat egin dadin, aldez aurretik zehaztutako irizpide batzuetan oinarritua, eta irizpide horiek erabil daitezela, azken finean, herriarenak diren baliabideen erabilera ahalbidetzeko, edo ez. Gainera, doan erabiltzea ziurtatu beharko litzateke, eskatu duenak interes soziala duenean, eta ez ekonomikoa.
Araudi hau dagokion batzordean eztabaidatzea nahi du EH Bildu Amurriok.