AKTUALITATEA


| 2021-11-15 21:18:00

EH Bildu Amurriok 14 neurri zehatz aurkeztu ditu guztira, 800.000 eurotik gorakoak, aurrekontuen eztabaidari begira. EH Bilduk proposamen horiekin Amurrio berreraikitzeko oinarriak finkatu nahi ditu. Horretarako, aukera-espazioak, etorkizuneko apustuak eta apustu horiek gizartean, ekonomian eta ingurumenean bultzatuko dituzten proiektuak bilatzea proposatzen du. “Egoera larria da, baina trantsizioa beharrezkoa da, eta krisi-une hau baliatu behar dugu udalerria printzipio sozioekonomiko berrietara aldatzeko”, azaldu du Mariano Álavak.

 

Ildo horretan, antolakuntzako zinegotziak mahai gainean dauden eskaerei erantzuteko premiazko neurri zehatzak behar direla nabarmendu du, hala nola suspertze sozioekonomikoa, trantsizio energetikoa eta zaintzen eremua besteak beste. 

 

Horrela, beharrezko trantsizio energetikoari aurre egiteko, Amurrio deskarbonizatzeko azterlan bat (30.000 euro), arropa birziklatzeko kanpaina bat (30.000 euro), Izarza eta Aresketamendi berreskuratzeko proposamen bat (100.000 euro), mugikortasun elektrikoa errazteko karga-puntuak (25.000 euro) eta Landakotik tren-geltokirako sarbideen hobekuntza (10.000 euro) proposatu dira.

 

Partidarik handiena hezkuntzaren arloan planteatzen da. Hala, 350.000 euro gordeko lirateke udal liburutegian ikasteko gelak egokitzeko (150.000 euro) eta 200.000 euroko partida bat Zabaleko eskolan egin beharreko inbertsioetarako, frontoiko hezetasunak berrikusi eta konpontzeko, aldagelak, bainugelak eta dutxak egokitzeko, sistema elektrikoa konpontzeko eta dagoen jantokia egokitzeko.

 

Bestalde, lau laguntza-lerro proposatzen dira: bat, 90.000 eurokoa, gazteen 

emantzipazioa errazteko; beste bat, 20.000 eurokoa, ekintzailetzarako laguntza-lerro bat sortzeko; 25.000 eurokoa, pertsona ahulenei energia-gastuak eta oinarrizko premiak ordaintzeko bonu espezifikoak sortzeko; eta, laugarrena, 20.000 eurokoa, sortzaileei laguntzeko. Kulturaren arloan, 30.000 euroko partida bat ere proposatzen da, Antzokiaren eskaintza handitzeko.

 

Azkenik, 50.000 euro gehitu dira zaurgarritasun-egoeran dauden adinekoak detektatu, bideratu eta artatzeko, bai eta Udaleko Lanpostuen Zerrendan euskara-teknikari lanpostu berri bat sortzeko ere.