AKTUALITATEA


| 2021-07-21 17:28:00

Amurrio. 2021-07-22.  EH Bilduk deitoratu egin du Amurrioko Udalak obra eta zerbitzuen foru planaren deialdian kultur instalazioen hobekuntza sartu ez izana, plan horren bidez Arabako lurraldeko herrietan azpiegiturak finantzatzen baititu Arabako Foru Aldundiak. Horrela, deialdi honetan bi lan egitea erabaki du EAJren Gobernuak: batetik, Bañuetako kiroldegiko barne berrikuntza eta espazioen birbanaketa, eta, bestetik, Landako auzoaren urbanizazioa. Lehenengoak 1,6 milioi eurotik gorako aurrekontua du, eta, aurreikuspenen arabera, Landako urbanizatzeko kostua 1,2 milioi euro ingurukoa izango da.

EH Bilduk uste du egokia dela bigarren lan hori gauzatzea, baina uste du kultura-jarduerekin lotutako beste behar batzuei erantzun behar zitzaiela, hala nola Kultur Etxea edo Liburutegia eraberritzeari. Izan ere, gogorarazi duenez, Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren azken deialdian Amurrioko Udalak beste kirol-instalazio bat sartu zuen, kasu horretan, futbol zelai bat egitea Reforren.

Orain, Amurrioko Udal Gobernuak zenbait areto eraberritu nahi ditu, hala nola, squash eta ballet aretoak, muskulazio-gela bat eta harmaila teleskopiko bat. Aurrekontua 1,6 milioi euro ingurukoa da. Udalak aitortu du, gainera, udal kutxek ez dutela aurrekontu-sailik gorde dagokien zatiari aurre egiteko, baina hurrengo bi urteetan aurrekontua erreserbatzeko konpromisoa hartu du.

"Aurrekontu oso altuak dituzten proiektuez ari gara, gure udalerrirako oso beharrezkoak diren azpiegiturak finantzatzeko balio dutenak, baina erabakia hartuta zegoenean jakin dugu. Hilabete baino gehiago da Udal Gobernuari prest gaudela Lan eta Zerbitzuen Foru Planarekin finantzatu beharreko proiektuen aukeraketan ekarpenak egiteko, baina, beste behin ere, gobernu taldeak bizkarra eman dio oposizioari", kritikatu du Jon Berganza Urruelak.