AKTUALITATEA

| 2019-10-09

Aste honetan jakin dugu Amerikar Estatu Batuek bere indar militarrak erretiratuko dituela iragarri ondotik, Turkiar estatuak laster ekingo diola Siriaren mugan barrena 50 kilometroko “segurtasun zonalde” bat ezartzeko inbasio militarrari.

Inbasio horrek bete betean joko du Siriako Ipar-ekialdeko Administrazio Autonomoa, Euskal Herrian Rojava bezala ezagutzen duguna. Turkiaren inbasio honek Rojavako jatorrizko herritarrak, (kurdu, kristau, zirkaziar, arabiarrak, ...) desplazatu eta Turkian barreiaturik dauden errefuxiatuak birkokatzeko helburua du, Rojavan garatutako elkarbizitzarako eredu demokratikoa txikituz eta ondorioz Turkiaren influentzia eremua zabalduz.

Zonaldeak bizi duen egoera gatazkatsuaren aurrean, Rojavako ereduak feminismoan eta demokrazian oinarrituriko elkarbizitza posible dela frogatu du eta gerratik ihesean ailegatutako biztanleriari segurtasun eta duintasuna bermatu die. Rojavako indar demokratikoek ISISen aurka jokatu duten papera ahaztu eta Turkiar inbasioa ahalbidetzeak gerrara kondenatuko ditu berriz ere.

EH Bilduk gogor salatu nahi ditu Turkiar estatuaren asmoak eta Euskal Herriko herritarrei dei egiten die datozen egunetarako Kurdistanekin Elkartasun Ekimenak deituriko mobilizazioetan parte hartu dezaten, bereziki Urriaren 11an Bilboko Arriaga Plazan, 19:00etan deituriko elkarretaratzean.