AKTUALITATEA

| 2020-07-29

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez, presidente autonomikoen batzordea dela eta irekitako polemikak, Kontzertuaren Batzorde Mistoaren bilera atzeratzeko erabakiarekin batera, “agerian uzten du beste behin ere Espainiako eredu autonomiko eta konstituzionalak inposatzen duen menpekotasun harreman hierarkikoa”.
Harreman mota hori “subiranotasun eredu bati uko egin eta eredu erregionalista eta autonomiko erreformatu bat ezartzen saiatzen direnek” babesten jarraitzen dutela salatu du Otegik, eta ohartarazi du aldebiko eredu bat dagoela azpimarratzea “fikzio bat ez ezik, zentzugabekeria politikoa ere” badela. Izan ere, “bi erakunderen arteko harreman guztiak aldebikoak dira beti, hori ez da arazoa; gure herriak behar dituen alde biko harremanak berdintasunean oinarritutakoak dira, ez menpekotasunean. Gaur egun, ordea, eredu konstituzionalak ez gaitu erabakitzeko eskubidea duen naziotzat hartzen”.
Otegik ohartarazi duenez, “subiranotasunik gabe ez dago gure herria babestuko duen ordenarik”; beraz, “ez du balio gure herriari ematen dioten tratu txarraz etengabe kexatzea, alternatibak eraiki behar dira arazoak konpontzeko, lehenik eta behin argi eta garbi esateko ez garela adingabeak eta gure erabakiak hartzeko gaitasun osoa dugula”.
Hori dela eta, “EH Bilduk lanean jarraituko du subiranotasun esparru hori errealitate bat izan dadin, gehiengo sozial handien interesak erdigunean jarriko dituzten politika publikoak praktikan jartzeko”. Izan ere, “egungo eredu autonomikoak mugak jartzen dizkigu Hego Euskal Herri osoari gure politika ekonomiko eta sozialetan, eta pandemiaren ondorioz baldintza ekonomiko eta sozialak okerrera egiten ari diren honetan ezin ditugu horrelako mugak onartu”.