AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-11-14

EH Bilduk hauteskunde-kanpaina batean Euskal Herrian inoiz egin den ekitaldirik handiena egingo du gaur arratsaldean Bilbon. La Casillan izango da hitzordua, 17:00etan, eta bertan milaka herritar elkartzea aurreikusten du ezker subiranistak, Euskal Herriaren, haren jendearen eta etorkizunaren defentsan.

Oihana Etxebarrieta Kongresurako EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuak gaur goizean Bilbon egindako adierazpenetan azpimarratu du mobilizazio herritarraren garrantzia, eta herritarren arteko batasunerako deia egin du, siglen eta desberdintasunen gainetik.

«Gure amaren etxearen defentsan. Siglen eta desberdintasunen gainetik», adierazi du Etxebarrietak. Haren hitzetan, «sinetsita baikaude mobilizazio herritarra ezinbestekoa dela bloke erreakzionarioari partida irabazi eta Euskal Herriari bidea irekitzeko».

EH Bilduko hautagaiak asteazkenean etxebizitza eskubidearen alde egindako mobilizazioa ere izan du gogoan. «Etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazio eredugarriak argi erakutsi zuen, beste behin, herri honen gaitasun eta duintasuna. Eta gaur berriro egingo dugu», adierazi du.

Horren harira, Etxebarrietak herritar guztiei egin die gaurko hitzorduan parte hartzeko gonbita: «Konfiantza dugulako herri honengan, 17:00etan La Casillan espero zaituztegu antifaxista, feminista, ezkertiar, euskaltzale eta soberanista guztiei».

Arratsaldeko hitzorduak, gainera, jarraipen berezia izango du San Mamesen. Izan ere, Euskal Selekzioak partida jokatuko du gaur, eta EH Bilduk ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena bertara eramateko deia egin du.

«Eta, ostean, San Mames ofizialtasunaren aldeko aldarriz beteko dugu», esan du Etxebarrietak.

«Hitzordu bikoitza, eta aukera historikoa. Dena prest dugu eta zain gaituzue», amaitu du EH Bilduren Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburuak.