AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-03-22

Pello Otxandiano, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehendakarigaia, Naiz Irratiko mikrofonoetan izan da eta itxaropentsu agertu da datorren apirilaren 21eko hauteskunde hitzorduaren aurrean, «ziklo politiko berria errealitate bat da, eta inkestek hori adierazten dute. Gauzak ez dira berdinak izango apirilaren 21etik aurrera. Lehen aldiz halako inkesta batek ematen dio EH Bilduri irabazteko aukera».

Pello Otxandiano lehendakarigaiak erregenerazio politico baten beharra nabarmendu du behin eta berriz, euskal gizarteak aurrean dituen erronkak gainditzeari begira. «Hamarkada bat galdu dugu. 2008ko krisiaz geroztik errelato autokonplazienteak elikatu dira eta gure gaitasun komunitarioak lokartzen utzi dira», kritikatu du eta egoera iraultzeko lidergo publikoaren beharra aldarrikatu.

Osakidetzaren egoera larri ere izan da elkarrizketan mintzagai. Hautagaiak, EH Bilduk berriki osasun publikoari lotuta aurkeztutako proposamena balioan jarri du, baina ohartarazi du Osakidetzak «erregenerazio» bat behar duela, eta hori ez dela «egun batetik bestera» egiten. «Epe laburrean hartu beharreko neurriak badaude, baina horrekin batera egiturazko neurriak behar dira, Osakidetzak goitik beherako eraldaketa bat behar duelako. Osakidetza berriro zutik jartzea gure anbizio nazionalaren adierazpen handietako bat izan behar da datozen urteotan».

 


​Anbizio nazionalari loturik, hain zuzen ere, estatus politiko berria mahai gainean jartzeko unea dela uste du Pello Otxandianok, «eztabaida hori azkartzeko momentua da, gure herri gaitasunak aktibatzeko momentua, herri honek burujabetzaren bidean urrats handi bat egin dezan».