AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-10

Pello Otxandianori, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduren lehendakarigaia, elkarrizketa egin diote Euskadi Irratian eta bertan argi adierazi du elkarlanerako eta gobernu kooperatiboen aldeko EH Bilduren apustua, «ez gara berdinak, baina behartuak gaude adostasunetara iristera. Hori da herri honen zati honek behar duen politikagintza. Hori da behar dugun berrikuntza politikoa». Gaineratu duenez, «errejenerazio politikoak halabeharrez eskatzen du ezberdinen arteko elkarlana. Herri hau ezin da gobernatu gehiengo osoz ezta koalizio itxien bidez ere». Zentzu horretan, egungo aliantza eredua agortuta ematen du Otxandianok: «Indarrean dauden aliantzek ez daukate etorkizun oparorik. Ezin daiteke eutsi dinamika hau. Behartuta gaude jauzi bat ematera eta helburu partekatuak adostera, askoz emankorragoa izango da».

Osakidetza da herritarren kezka nagusia eta hauteskunde kanpainako gai garrantzitsuenetako bat. «Duela gutxira arte zalantzan jartzen zen Osakidetzarekin arazo bat genuela. Orain denok onartzen dugu gainbehera bat egon dela kalitatean. Ardura politikoak asumitzeko eta diagnostiko zorrotzak egiteko garaia da», adierazi du lehendakarigaiak osasun publikoari loturik.