AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-06

EH Bilduk ekitaldia egin du, gaur eguerdian, Donostiako Tabakaleran. Bertan hitza hartu dute Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigiak, Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendaburuak eta Maddalen Iriartek.

Pello Otxandiano, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehendakarigaiak, adierazi du etxebizitzaren arazo larriari erreparatuta «errejenerazio politikoa ezinbestekoa» dela herri honetan, «etxebizitzarako sarbidea bermatua izatea eta gazteen emantzipazioa lehentasuna eta helburua izan behar dute, eta ez eslogan hutsa». «Donostia ez da soilik turismo basati baten ondorioak bizitzen ari, Donostian bizitzea gutxi, oso gutxi batzuen aukeren artean kokatu baitute, bertakoei, eta ondoren datozen gazte belaunaldiei bere auzo eta herrietan bizi proiektu naturalak garatzeko eskubidea eta aukera ukatuz. Gutxi batzuen interes eta mesedeen alde egiten denean, gehiengoaren eskubide eta beharrizanak zangopilatzen dira. Etxebizitzaren eskubidearekin eta gazteen bizi proiektuekin Monopoly-an ariko bagina bezala jolasten denean, gaur Donostian etxebizitzarekin bizitzen ari garena gertatzen da», salatu du.
 


Nerea Kortajarena hautagaiak goraipatu egin ditu bai Maddalenen pertsona eta bai bere lana, eta, txalo artean, bertaratutako hamarnaka pertsonei azken udal eta foru hauteskundeetan Gipuzkoan lortuta emaitzak gogora ekarri dizkie. «Maddalenekin ezker subiranistak inoiz atera dituen emaitzarik onenak atera zituen. Eta nola, gainera. 15.000 boto eta 5 eserleku bigarren indarrari. Baina statu quoa mantentzeko helburu bakarrarekin eta EH Bildu kanpo uzteko, PPren menpe egoteko apostuari eutsi diote alderdi interesak lehenesten dituen eta herri mandatuari muzin egiten dion gobernu bat osatuz», nabarmendu du. Egoera horren aurrean, bukatu aurretik, ohartarazi nahi izan du Gipuzkoak abertzale eta ezkertiar bozkatuko duela berriro ere, «eta herritarren mandatuari bizkar ematea bide txarra dela erakutsiko du».