AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-01-30

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak solasaldia eskaini du gaur goizean Forum Europan, eta bertan bere proposamen ekonomikoaren ardatz nagusiak azaldu ditu. Hala, "inertzia alde batera utzi eta garapen eta politika ekonomikoaren eredua finkatzeko garaia" dela adierazi du. Bilboko Ercilla hotelean bildutako dozenaka lagunen aurrean, “ikuspegi estrategiko sendoa” eman behar dugula adierazi du Otxandianok. “Prospektiba estrategikorako gaitasun handiagokoa. Non kokatu nahi dugu euskal ekonomia 2040. urtean? Agertoki hori ikusteko gai izan behar dugu”, esan du.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak egindako sarreraren eta aurkezpenaren ostean, Otxandianok agertu du premiazkoa dela egungo une ekonomikoa behar bezala irakurtzea, "azken urte luzeetan ez baitugu halakorik egin eta korronteak arrastaka eraman gaituelako". Ildo horretan, azpimarratu du euskal ekonomiaren egoerari buruzko azterketa ezin dela autokonplazientea izan. "Autokonplazentziak politika ekonomiko batera garamatza, anbizio nahikorik gabe".

"Euskal sistema eragilea eguneratzeko eskatzen dugu. Ez da reset bat behar dena, sistema eragilearen eguneratzea baizik, XXI. mendean behar diren aplikazioak exekutatu ahal izateko", azaldu du Otxandianok. "Hardwarea gure ekoizpen eta teknologia gaitasuna da, eskatzen diren aplikazioak eskatzaileak dira, inoiz baino gehiago; horiek gauzatu ahal izateko sistema eragilea zaharkituta geratu da. Gaurkotzea behar da”, amaitu du EH Bilduko lehendakarigaiak.