Albisteak

Neurri praktikoak planteatu gabe, larrialdi klimatikoari buruzko Urkulluren adierazpena alferrikakoa da


EH Bilduk ekintzak eskatu dizkio Jaurlaritzari, ez adierazpen erretorikoak, eta ohartarazi du, datu objektiboen arabera, berotegi efektuzko gasen isuriak, murriztu beharrean, “azken 15 urteotako igoerarik handiena izan duela”.

EH Bildu | 2019-07-30 16:56:00

EH Bilduren iritziz, larrialdi klimatikoari buruz Urkullu lehendakariak egin duen adierazpena guztiz alferrikakoa izango da adierazpen horrekin batera Jaurlaritzak neurri praktiko zehatzak aurreikusten ez baditu eta helburu argiak zehazten ez baditu. Mikel Oterok azpimarratu duenez, “larrialdi klimatikoa deklaratzeak larrialdiko neurriak hartzera behartuko gintuzke koherenteak izan nahiko bagenu, baina Urkulluk ez ditu neurri horiek iragarri”. EH Bilduko legebiltzarkidearen irudiko, lehendakariak adierazpen erretorikoa baino ez du egin, eduki praktiko eta errealik gabekoa. “Inora ez doan deklarazio hutsalean gera daiteke, beraz, gaurkoa; guk lehendakariari gonbitea egiten diogu urgentziazko neurriak iragarri eta har ditzan, sinesgarria izan nahi badu behintzat”.

Oterok gogora ekarri du EH Bilduk instituzio guztietan proposatu duela klima aldaketaren aurkako borrokan neurri eta ekintza zehatzak aurreikusten dituen larrialdi klimatikoaren adierazpen bat onartzea, “mundu mailako egoera larria bada, gurea are larriagoa delako, eta hori ere esan behar da, Urkulluri gustatu ez arren”. Horri jarraiki, irakurketa triunfalista egitea egotzi dio lehendakariari, eta ohartarazi du haren kontakizuna ez datorrela bat datu objektiboekin. “Urkulluk Jaurlaritzaren klima politikak goraipatu ditu, baina errealitatea egoskorra da eta gure datuak ez dira onak. Mundu mailako bataz bestekotik gora gaude aldaketa klimatikoa eragiten duten gasen emisioetan, baita Estatuko eta Europako bataz bestetik gora, eta azken datuak oso kaskarrak izan dira, azken 15 urteotako urte batetik besterako igoerarik handiena izan baitugu”.