AKTUALITATEA

| 2025-11-25

Nerea Kortajarena:

Emakumeok oso kontziente gara azaroaren 25 hau etorri den historikoaz. PPk eta Voxek osatutako bloke autoritario eta atzerakoia, Nafarroan UPN ere horren parte da, mehatxua da gure eskubide, gorputz eta bizitzentzat.

Horregatik, gaur indarkeria matxistaren aurka manifestatzen garen aldi berean, beharrezkoa da gure burua feministatzat dugun Euskal Herriko indar politiko guztiok koherentziaz eta horren arabera jokatzea.

Nafarroan, zorionez, hamarkada bat baino gehiago da bloke atzerakoi horrek ez duela botererik ikutzen: ez du eraginik gobernagarritasunean eta, are gutxiago, politika publikoetan. Eta errealitate horrek eredu izan beharko luke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere.

Izan ere, bloke autoritarioa indarkeria matxistaren ukatzailea da eta modu sistematikoan erasotzen ditu emakumeen eskubideak. Abortatzeko eskubidearekin ikusi dugu azken asteetan. Hala ere, batzuek PPren eta Voxen arteko bereizketak egin nahi dituzte, guretzat eta herritar gehienentzat ulertezina den zinismo ariketa batean.

Argi eta garbi esan behar da: PP, Vox eta UPN bloke atzerakoi beraren parte dira, aurre egin behar zaio eta ezin da ekidistantea izan. EH Bilduk indar politiko demokratikoei dei egiten die emakumeen eskubideen defentsarako konpromisoa hartzera.

Nahia Fernandez: «Indarkeria matxistei modu integralean eta urgentziaz aurre egiteko konpromisoa berresten dugu»

Azaroaren 25ean indarkeria matxista mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako.

Indarkeria matxistaren adierazpen guztiak ikusarazi behar ditugu, kausak aztertzeko eta horiek prebenitzeko eta ezabatzeko ekintza zehatz eta eraginkorrak abian jartzeko, baita gure egunerokoan horiek justifikatzen edo babesten dituzten erakundeak eta egiturak identifikatzeko ere. Erasoak salatzeaz gain, mundu justuago bat, bizigarriago bat eta askea eraikitzeko lanean jarraitu behar dugu.

Eskuin muturrak gehiegi aurreratu dugunaren diskurtsoa zabaltzen du. Nola esan gehiegi aurreratu dugula hainbeste erailketa eta eraso matxista ematen direnean? Soldata arrakala oraindik ere pairatzen dugunean? Edo botere gune ezberdinetan bigarren mailako herritar bezala agertzen garenean? Ez da egia eta diskurtso hauei datuekin eta ekintzekin aurre egin behar diegu.

Olatu erreakzionario honen aurrean ozen esaten dugu ez dugula atzera pausurik emango. Euskal Herri feminista baten alde borrokan jarraituko dugu. Mezu faltsu eta negazionisten aurrean guk indarkeria matxista forma guztien kontran borrokan jarraituko dugu eta faxismoaren aurrean egonen gara beti.

Beraz, azaroak 25 honetan berriz ere indarkeria matxistei modu integralean eta urgentziaz aurre egiteko konpromisoa berresten dugu eta indarkeria matxisten kontra kalera ateratzeko deia luzatu nahi dugu. Zentzu horretan, Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.