AKTUALITATEA

| 2020-01-24

EH Bilduk eta ERCk legez besteko proposamen bateratua aurkeztu dute gaur Kongresuan 'Mozal Digitala' bezala ezaguna den dekretuaren indargabetzea eskatzeko. Pedro Sanchez buru duen gobernuak urriaren 31n onartutako dekretuak webguneak eta komunikazio digitalak inolako agindu judizialik gabe ixteko aukera ematen dio Espainiako Gobernuari, "ordena publikoa, segurtasun publikoa eta segurtasun nazionala kolokan daudenean".

EH Bildu eta ERCren arabera, Mozal Digitalaren azken helburua "Interneteko edukiak kontrolpean" izatea da, horretarako baimen judizialik jaso beharrik gabe. Ezkerreko indar subiranistek salatu dute dekretua "mehatxu argi eta eraso zuzena" dela oinarrizko eskubideen aurka, eta horrek nazioarteko eskubidean jasotako funtsezko askatasun demokratikoak arriskuak jartzen dituela, demokratikoki egonkortu gabeko herrialdeetan ohikoa den bezala: adierazpen askatasuna, iritzi askatasuna, parte hartze politikoa...

Bide berean, EH Bildu eta ERCk ohartarazi dute Mozal Digitalak EAEko eta Kataluniako erakundeen eskumenak urratzen dituela eta gogorarazi dute bai Eusko Jaurlaritzak eta baita Kataluniako Gobernuak ere neurri judizial eta politikoak hartzeko asmoa iragarri dutela jada, beren instituzioen autogobernu gaitasuna defendatu eta Gasteizko Legebiltzarrean zein Kataluniako Parlamentuan gehiengoz onartutako akordio parlamentarioei bide emateko.

Komunikazio digitalak murriztu eta webguneak agindu judizialik gabe ixteko helburua duen Mozal Digitala bertan behera uzteko argudioak eman ditu EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk. Salatu du dekretu digitalaren bitartez Espainiako Gobernuak Segurtasun Nazionalerako Legearen "hutsune bat" bete nahi izan duela teknologia berriei dagokionez: “Espainiako Konstituzioko 155. artikuluak autonomia erkidegoak bere gain hartzeko aukera ematen dio Espainiako Gobernuari. Segurtasun Nazionalerako Legeak helburu bera dauka, baina Gobernuak erraztasun handiagoarekin aplika dezake".