AKTUALITATEA

| 2022-03-07

Pello Otxandianok agerraldia burutu du EH Bilduren Igarako egoitzan. Bertan, orain arte Hezkuntza Ponentziaren garapenean egindako lana baloratu eta ireki berri den 15 eguneko fase negoziatzaile berriaren kokapena egin du: "Ezin dugu aukera hau galtzen utzi, erantzunkizunez jokatzeko deia egiten diegu gainontzeko alderdiei eta gu ere hala jokatzen saiatuko gara. Gure esku dugun guztia egingo dugu: ardura, rigorea eta lana".

Gaur goizean hezkuntza ponentzia batu da eta alderdi bakoitzak aurkeztutako zuzenketen kontu eman du. EH Bilduk 46 zuzenketa aurkeztu ditu eta testua zehaztu eta hobetzeaz gain, bigarren helburu bat ere izan dutela jakinarazi du: "Hitzarmena oinarri eta printzipioen testu bat baino gehiago izan behar da, horregatik, gutxienez hiru elementu kualitatibo gehitu behar zaizkio", argudiatu du Otxandianok: "Legearen garapen programatikoa, segregazioaren kontrako ituna eta eskola planifikazioaren inguruko konpromiso zehatzak".

Zentzu berean, Herri Akordio baten atarian gaudela nabarmendu du eta, "fase erabakigari honetan" EH Bilduk izendatu duen talde negoziatzailea aurkeztu du. "Mehatxu larriak daude: jaiotza tasaren beheranzko joera, segregazioa eta euskalduntzearen beherakada. Kolapsoaren atarian gaude eta onena eman behar dugu egiturazko aldaketak egin eta hezkuntza kalitatean salto bat egiteko, horretarako hezkuntza hitzarmen bat behar dugu. Ezin dugu aukera hau galtzen utzi, erantzunkizunez jokatzeko deia egiten diegu gainontzeko alderdiei eta gu ere hala jokatzen saiatuko gara. Gure esku dugun guztia egingo dugu: ardura, rigorea eta lana".