AKTUALITATEA

| 2020-07-02

Atzo, Pariseko dei auziak Josu Urrutikoetxearen askatasun eskaera onartu du, Fiskalatza orokorra zaintzapean aske uztearen alde agertu ondoren.

EHBai eta EHBildu-k, besarkadarik tinkoena helarazi nahi dizkio, Josuri zein bere senide eta lagun guzieri! Irmoki adierazi nahi dugu berriz ere, Josu Euskal Herrian eta aske egon beharko lukeela.

Nola ez salatu gaurkoan, Josuk azken urte honetan pairatu izan behar dituen krudeltasun eta mendekua. Atxilotu, presondegiratu eta frantses prozeduren baitan aske gelditu ondoren, Espainiar prozeduren aitzakiapean preso mantendu zuten nahiz eta eri izan eta ebakuntza eta arta berezia behar izan.

Covid-19ak eragindako osasun krisialdian ere, euskal preso politikoek pairatu behar izan duten salbuespenezko tratamendua jasan behar izan zuen eta Jakes, Xistor, Jon, Gurutz eta Ibon bezala, eta gaixo larriak dituzten beste euskal presoak bezala, preso atxiki zuten, beraien biziak arrisku larrian jarriz.

Josuren zaintzapeko askatasunak pozten bagaitu ere, ez du estaltzen azken hilabete luze hauetan, hainbat auzitegi eta fiskaltzek adierazitako jarrera hetsia eta mendekatzaileak, euskal jendartean sortu duen kezka eta haserrea.

Presondegiak husteko garai honetan, joan den astean Mikel Barrios presondegira kondenatu zuten Parisen eta Jakes Esnal berriz, heriotzera kondenatu!

Ezin dugu hori onartu, Josu bezala, Jon, Jakes, eta Xistorrek aske eta gure artean nahi ditugu.

Ezin dugu onartu zigorraren 3/4ak beteak dituzten presoak eta gaixotasun larriak dituztenak espetxeratuta izatea. Ezin dugu onartu euskal presoak beren etxeetatik ehunka kilometrora izatea, haien senitartekoak zigor bikoitz batera kondenatuz. Ezin dugu onartu euskal presoen eskubideak ez errespetatzea.

Euskal preso politiko guziak askatzeko garaia da. Iheslari eta deportatu guziak herrian eta libre izaiteko garai da.