AKTUALITATEA

Euskara | 2025-12-02

Euskara, jalgi hadi plazara! oihukatu zuen Bernat Etxeparek XVI. mendean, egunotan Baionako Euskal Museoan ikusgai egon den liburuaren Kontrapas atal ederrean. Askotan erabili da oihu eta aldarri hori euskararen aldeko borrokaren metaforatzat, eta egun, bere gaurkotasuna erabatekoa da. Abenduaren 3an, balio behar digu euskararentzako beste estatus bat aldarrikatzeko, gure hizkuntza nazionalak dagokion plaza funtzionala bete behar duelako.

Oldarraldia Euskal Herri osoan da

Gure herrian historikoki eta metodikoki gauzatu den hizkuntza ordezkapen prozesuari aurre egiteko gai izan bagara ere, oraindik orain, euskararen biziberritze prozesuak behar duen jauzirako baldintza juridikoak ez dira egokiak. Azken garaietan botere gune ezberdinetatik euskararen kontra bultzatzen ari diren erasoak historia beraren katebegia baizik ez dira.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako orube juridikoa hautsi da; Nafarroa Garaian, zonifikazioak txarrantxazko muga artifiziala ezartzen die berez mugarik behar ez duten hiztunei, eta Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan, ezagupen ofizialik gabe, Frantziako Estatua eta bereziki Pirinio Atlantikoetako prefeta azkenaldian izaten ari diren jarrerak erasoaldiaren neurria ematen digu.

Errealitate honek garbi erakusten du euskararen etorkizunari buruzko azken hitza eta erabakia ez dagoela Euskal Herriaren esku eta ordezkapen prozesu horren eragile diren horien esku-hartzeen menpe jarraitzen dugula. Egoera honek sekulako babesgabetasuna sortzen du eta euskararen biziberritze prozesua atzeraldian jartzeko arriskua areagotzen du.

Estatus eta hizkuntza politika berriak

Ondorioz, EH Bilduk eta EH Baik Euskal Herrian indarrean diren estatus juridikoak eta hizkuntza politikak agorturik daudela adierazten dugu. Unea da beraz euskararentzat estatus berri bat adosteko eta gauzatzeko. Berdintasunezko aterpe juridiko berri bat eraikitzeko, euskararen garapena oztopatu nahi duen desofizializazioari murru bat jartzeko eta XXI. mendean behar dituen politika publiko eraldatzaileak eskubide osoz martxan jartzeko, kanpo esku-hartzerik gabe.

Estatus politikoen aldaketaren eztabaida Euskal Herri osoan zabalik den honetan, euskarak dituen arkitektura juridikoen kanpamendu nagusiak altxatu eta goratuko dituen estatus berri bat aldarrikatzen dugu. Eta argi adierazten dugu bide hori herri gisa egin behar dugula eta errespetatua izan behar dela.

Oraindik geldialdian gaudelako

EH Bildu eta EH Bai, euskararen alde diharduten eragileen haritik, urratsak egiten ari gara plaza berriak irabazteko lanean. Ezagutzaren unibertsaltasunaren bidean edo nagusitasunezko eremuak irabazteko lanean; ohiko plazak zabaltzen eta irisgarriagoak egiten; plazek komunitatearen arnasa senti dezaten eta plaza berriak eraikitzen. Euskarazko ereduak plaza idorretan zabaltzen; doakotasunaren bidean konpromisoak erdiesten; eztabaidak epaitegietatik instituzioetara ekartzeko ariketa burujabeak egiten; enpresa munduan euskalduntzeko araubideak garatzen; hizkuntza politikarik ez dagoen lurraldeetan ekimena hartzen; euskara Europan ofizial bilakatzeko bidean harremanak josten; Euskal Herri osoan behar dugun hizkuntza-politika berria tokian tokiko indar-harremanetatik eraikitzen; euskararen estatusean eragiten duten erabakigune guztietan berdintasuna bultzatzen eta guztion eskubideak babesten.

Badakigu zer den jauzia hitza

Ez da tipi tapa ibiltzea, geldirik egotea, edo errotondan bueltaka jarraitzea. Jauzia da plaza berriak okupatzea, eta plaza zaharrak ez hustea. Garrantzitsua delako orain arte lortu denari atxiki eta aurrera egitea, bultzaka jarraitu behar dugu, atzeraka egiteko indarrak handiak baitira.

Noski, honek guztiak aktibazio berriak eskatzen ditu, herrietan, hirietan, eskualdeetan, plazetan. Kontzientzia berri bat piztu behar dugu, Euskal Herri osoan euskararentzako berdintasunezko estatusa aldarrikatuko duena eta indarberritze-aro berri bat irekitzeko politika publiko eraldatzaile eta burujabeak aurrera eramateko bulkada komunitarioa emango duena. Indarberritze nazionalari eta euskarari hauspoa emango diona. Bulkada berdinzale eta demokratizatzaileen plazetan soka-lagunak bilatuko dituena.

Horregatik, EH Bilduk eta EH Baik bat egiten dugu Euskalgintzaren Kontseiluak heldu den abenduaren 27rako Bilboko Bilbao Arenan deitu duen ekitaldiarekin. Larrialdi linguistikotik indarraldira pasatzea, euskal komunitatea osatzen dugunon eta Euskal Herri osoaren esku baitago.

Berdintasuna, eskubide osoz. Plaza guztietan.