AKTUALITATEA

| 2023-12-02

Euskararen komunitateak bizirik jarraitzen du, indartzera eta ahultzera bultzatzen duten aldibereko joera kontrajarriekin. Azken hamarraldietan, aldi berean gertatu dira bai euskararen kaltetan izan diren ordezkatze-dinamikak eta baita hizkuntzaren jarraipena eta indarberritzea dakarten dinamikak ere. Azken 20 urteotan zehazki, euskalduntze prozesuaren geldotze-aro batean sartu garenaren zantzuak erakusten dituzte datuek. Horretan eragin dute, besteak beste, mundu globalizatuko aldaketa ekonomiko, teknologiko, sozial eta kultural indartsuek, Euskal Herriko demografian, jaiotze- zein migrazio-fluxuetan, izan diren aldaketek, eta bereziki, euskarak duen lege-babes ezak edo desegokiak eta hizkuntza politika eraginkorrik ezak.

Azken hamarraldietako ibilbideari erreparatuta, zer esan dezakegu? Hain zuzen ere, egin duguna ikaragarria dela. Leku, modu, bide askotatik egin da. Herri mugimenduaren bultzada erabakigarria izan da eta instituzioek hauspoa eta egitura eman diote prozesuari. Pizkundea instituzionalizazio-prozesu modernoa baino lehenago gertatu zen eta, ondoren ere, euskal hiztun-komunitateak sen autoeratzaileari eutsi dio euskararen garabidearen eremu askotan.

Hala ere, ezin dugu ahantzi, oso urriak direla azken urteetan euskararen lege-babesean egindako aurrerapausoak: 40 urte inguru dituzte EAEko Euskararen eta Nafarroako Euskararen legeek (Foru Hobekuntzak) eta Ipar Euskal Herrian, euskarak ez du gaur-gaurkoz ezagupen ofizialik. Bost egoera juridiko ezberdin izateak normalizazio prozesua garatu ahal izatea trabatzen du. Babesgabetasun horrek Frantses eta Espainiar Estatuen esku-hartzeari eta euskararen kontrako oldarraldiari bide ematen die. Horrek guziak hizkuntza-politiken markoa zenbateraino ahula den erakusten digu behin eta berriz.

Hizkuntzaren ezagutza eta erabilera gakoak dira normalizazio prozesuan. Lehenari buruz, azken hamarkadetan aurrera egin dugu, baina oso bereziki euskarak estatus ofiziala duen  eremu geografikoetan gertatu da, gainerakoetan, ezagutzan aurrerapauso nabarmenak egin ezinik gauden bitartean. Indarrean diren hezkuntza ereduek eta hizkuntza politikek ikasle guziak euskalduntzeko ezintasuna erakutsi dute. Testuinguru honetan, gure kezka eta desadostasuna adierazi nahi dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legean hizkuntz ereduen politika mantentzeko hainbat alderdik harturiko erabakiarekin. Lege hori onartzen bada, euskararen normalizazioan urrats berri bat egiteko aukera galduko dugu.

Hizkuntza politika sendo eta ausartak behar ditugu, euskararen ezagutza orokortzeko eta euskara alor guzietan normaltasunez erabili ahal izateko. Gizarte-aldaketak, teknologia-aldaketa eta hainbat egiturazko ezintasun (zatiketa administratiboa, botere politikorik eza eta demolinguistika konplexua) ikusirik, euskarak inbertsio politiko, sozial eta ekonomiko handia eskatzen duela deritzogu. Eskala handiko erreakzio bat.

Burujabetzaren ikuspegitik, Euskal Herrian aro berri bat irekitzen ari gara, nazio aitortza prozesuan aukera berriak irekitzen ari direlako. Ildo horretan, EHBilduk eta EHBaik uste dute ezein aldaketa politikok bere baitan jaso behar dituela euskararentzat aurrerabide berriak, bereziki estatusean eta hizkuntza politiken markoetan.

Horregatik, euskalgintzak adierazi duen gisan, uste dugu euskalduntze prozesuan jauzia emateko, akordio sozial eta politiko berri baterako momentu erabakigarria dela honakoa. Azaroaren 4an Bilboko kaleetan ikusi zen bezala eta 2024ko martxoan Korrikak Euskal Herri osoan erakutsiko duen bezala, bide hori egiteko bada aski atxikimendu. Herri gogoa  eta borondate politikoa, biak ala biak dira beharrezko. 2023ko Euskararen Nazioarteko Egunean, EH Bilduk eta EH Baik beren konpromiso osoa adierazten dute euskarak behar duen jauzi berria bultzatzeko.