Euskalgintzaren Kontseiluaren larunbateko ekitaldian parte hartzeko deia egin du EH Bilduk, oldarralditik indarraldira igarotzeko.
Euskararen aurkako erasoaldiak ez du etenik. Areago, azken epaiek eta erabakiek jauzi kualitatiboa ekarri dute euskararen aurkako oldarraldian, eta marra gorri guztiak gainditzen ari dira. Oldarraldi judizialak zein euskarak bizi duen larrialdi linguistikoak pizkunde berri baten premia areagotu dute.
Testuinguru horretan, Euskalgintzaren Kontseiluak ‘Pizkundea’ ekitaldia antolatu du abenduaren 27an, larunbatean, Bilboko Miribillan. EH Bilduk euskal herritarrei dei egin die ekitaldian parte hartzera anima daitezen eta euskaltzaleon indar eta batasun erakustaldiarekin bat egin dezaten. Aktibaziorako, euskararen auzia lehen lerroan jartzeko eta aro berri bati bide emateko garaia delako.
EH Bilduren aburuz, euskararen aldeko herri-bulkada piztea ezinbestekoa da hizkuntza-politika berri baterako oinarri sendoak jarri eta euskarentzat estatus juridiko juridi-politiko berria martxan jartzeko. Hau da, oldarralditik indarraldira igarotzeko. Euskara kinka larrian dagoen honetan, susperraldiari ekiteko. Normalizazioaren eta biziberritzearen alde aurrerapausoak emateko.
Izan ere, euskara lehen mailako auzi politikoa den heinean, afera honakoa da: demokrazian, justizian eta berdintasunean aurrera egiten dugun edo atzera eramaten gaituzten. Ildo horretan, funtsezkoa da euskararentzat berdintasuna aldarrikatzea, eskubide osoz, plaza guztietan eta inolako mugarik gabe.
Euskararen aurkako erasoaldiak etenik ez duela gogorarazi du EH Bilduk. Berriki jakin dugu Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 187.5 artikuluaren (hizkuntza eskakizunak arautzen dituena) legezkotasunaz erabaki beharko duela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.
Horregatik da hain garrantzitsua Miribilla euskaltzalez betetzea. Oldarralditik indarraldira igarotzeko herri-bulkada piztea dagokigulako guztioi. Euskararen etorkizuna baitago jokoan. Larunbatean, denok Bilbora!