AKTUALITATEA

Ekonomia | 2022-11-29

Hezkuntzak eraldaketa sakona behar du eta, zentzu horretan, Hezkuntza Akordioa abiapuntu ona da Euskal Hezkuntza Sistema Propiorako trantsizioa egiteko baliagarria den heinean. Aukera baten aurrean gaude eta, aukera guztiek bezala, honek ere baditu arriskuak. Arrisku behinena litzateke egungo sistema duala betikotzea.

 

Trantsizioa, izango bada, eraikiko diren indar harremanen araberakoa izango da. Bermea hezkuntza komunitatea izango da neurri handian. ezker independentistaren ardura izango da bidea urratzea, arriskuak neutralizatzen saiatzeaz batera. Orain, lege on bat onartzea da erronka eta aurkeztu den lege proposamenean atzerapausua ikusi dugu hainbat alor funtsezkotan.

 

Kezkaturik gaude hezkuntza komunitatean, eta jendartean oro har, giroa nahasten eta polarizatzen ari delako eta, uste dugu, Euskal Herria bezalako herri zapaldu batean gai izan behar dugula hezkuntza sistema publiko burujabearen norabidean akordioak erdietsi eta urratsak emateko. Gure ustez, orube berri bat jarri behar da, hezkuntza tradizio ezberdinen, bai ikastolen eta bai eskola publikoaren onena jasoz: Konfluentzia da bidea, sare publiko, bakar, burujabe eta deszentralizatuan antolatuko den hezkuntza sistema propioa eraikitzen hastea.

 

Aitortza zor zaio eskola publikoaren komunitateari, administrazioaren inbertsio ezaren ondoriozko baldintza kaskarretan herrigintzan egindako lanagatik, euskara zabaltzeko egindako ahaleginagatik eta klase eta jatorriagatiko segregazioa, zeina gizarte gisa dugun arazo handietakoa den, eztabaida publikoaren erdigunean jartzeagatik. Aitortza zor zaie Ikastolei ere kultur transmisioan eta euskararen irakaskuntzan administrazio publikoa egiteko gai izan ez denari eutsi diotelako. Ikastolen sistema gai izan da nazio ikuspegia bere hezkuntza jardueran bermatzeko.

Hezkuntza Akordioak abiatu behar duen trantsizioaren lehen fase honek sistemaren deszentralizazioa ekarri behar du, Ikastolen antolaketa eredu komunitarioa oinarri hartuz. Ekarri behar du aukera berdintasuna eta hezkuntza eskubideen bermea, eta horretarako eskola publikoak ardatz izan behar du. Eta ekarri behar du, baita ere, jauzi bat euskalduntzean, laikotasunean, inklusioan eta eraldaketa pedagogikoan. Momentua da, baita ere, titulartasun partekatuak esperimentatzeko, tokikotasunean oinarrituz eta udalen parte hartzearen bidez.

Eztabaida honetan, nahiz mendebaldeko hiru herrialdeetan ari garen, nazio ikuspegiz jokatu behar dugu, gaur hiru herrialdeetan ematen diren urratsak eraikuntza nazionalaren parte izan daitezen, eta gaur posible ez diren urratsak bihar posible izan daitezen. Garaia da, baita ere, burujabetza politikoa aldarrikatzeko: Euskal Herriak trantsizio honetan bidea egiteko konpetentzia esklusiboak behar ditu hezkuntzan.

Horretarako, beharrezkoa izango da eztabaida gune eraikitzaileak sortzea, akordioetara iristea eta baita mobilizazioak antolatzea ere. Hezkuntza eragile desberdinen proposamen eta eskariak entzun egin behar dira, besteak beste, hezkuntzako langileena. Hezkuntza sistemako langileak, bakoitza bere eskola, ikastola edo ikastetxean mobilizatzen ari dira eta datozen egunetan eremu publikoan grebak daude deituta. Bat egiten dugu langileen eskaerekin.

Berretsi nahi dugu ezker independentistak bere esku dagoen guztia egingo duela aukera hau baliatu dadin, euskal hezkuntzaren aro berri bat ireki dadin. Hurrengo hilabeteetako erronka izango da lege on bat onartzea, eta Hezkuntza Akordioaren garapen egoki bat egitea. Asko dago jokoan, eta ezker independentistak bere onena emango du herri honen eraikuntzarako lehen mailako garrantzia duen erronka honetan.