AKTUALITATEA

| 2020-06-10

Beasainen egoitza duen euskal multinazionalak, CAFek, Jerusalemen tren arina eraikitzeko lizitazioa du. Lizitazioaren helburua Jerusalem Mendebaldea Zisjordaniako kokagune israeldarrekin lotzea da, eta Israelek okupatutako eremuan lur palestinarrak desjabetuz egingo da.

Okupazioak urratu egiten ditu giza eskubideen arloko nazioarteko hainbat itun, besteak beste, Genevako Konbentzioa, Nazio Batuen ebazpen ugari edo eta Nazioarteko Justizia Gortearen beraren irizpideak.

CAFeko Enpresa Batzordeak berak, proiektuan parte hartzeari uko egin zion, "Proiektuaren legezkotasunik ezaren inguruan adostasun orokorra dagoelako, bai trazaduragatik, bai diskriminatzailea izateagatik, Palestinan soilik kolonoek erabiltzen dutelako, eta, azken batean, giza eskubideak ez errespetatzeagatik".

Aurretik aipatutako guztiagatik, EH Bilduk:

Tranbia horren eraikuntza giza eskubideak urratzen dituela salatzen du, Israelek lurralde palestinarra okupatzeko duen politikan sakonduz

Era irmoan errefusatzen du proiektu hau gauzatzea, Nazioarteko Zuzenbidea urratzen duelako, eta beraz, Israelek herri palestinarraren giza eskubideen urraketa larriak eragiten dituelako.

Enpresen nazioartekotze eredua, giza eskubideen arloko nazioarteko legeria zorrotz errespetatuko duena izatea ezibestekotzat jotzen du.

Ildo horretan, CAFeko zuzendaritzari eskatzen dio bere jarrera berriz aztertzea. Baita ere, giza eskubideen errespetuz eta nazioarteko legediak babestuta, aurreikusitako proiektua bertan behera uzteko hausnarketa egin dezala.