AKTUALITATEA

| 2021-09-24

Maddalen Iriarte Gasteizko Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramaileak elkarrizketa izan du gaur goizean Naiz Irratian. Bertan, testuinguruari lotutako gai nagusien inguruko bere iritzia azaldu du Iriartek. Hona hemen laburpena:


Puigdemont

Gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu. Eskandalagarria da; Europako epaileek esandakoaren kontrakoa. Espainiako estatuak engainua egin die Europari eta Italiari.

Kataluniako elkarrizketa mahaia

Mahai bat antolatzen denean eta elkarrizketarako bidea abiatzen denean, bidai bat irekitzen da. Horrelako mahai bat antolatzen denean, gorabeherak izaten dira, eta horiek gainditzeko prest egon behar da. Euskal Herritik adibide bezala hartu behar dugu. Burua hotz izan behar da, mota guztietako trabak egongo direlako, eta inteligentzia izan behar da horri jarraipena emateko. Herrialde Katalanek arazo askori aurre egin diete, beti inteligentziaz aritu dira eta orain ere arituko dira, zatiketa bilatzen duten mugimenduak beti egongo diren arren

Estatus politiko berria

Estatusaren gaia fase erresolutiboan sartu behar da. Ditugun erronkei erantzuteko tresna burujabeak behar ditugu. Oinarri eta printzipioen akordioa oso garrantzitsua da: nazioa gara, berdinetik berdinera estatuarekin aritzeko blindaje efektibo bat behar dugu azken hori bermatzeko. Estatuarekin bestelako harremana behar dugu.

- Badago jarrerarik horretarako?

Badirudi bakoitza dagoen tokian dagoela, eta arduratzen nauena da, ea batzuk prest dauden gutxi batzuen betoa onartzeko, hau da, legebiltzarrean gehiengo handi bat baldin bagara Euskal Herria nazio bat garela eta erabakitzeko eskubidea dugula uste dugunak, ba goazen hori gauzatzera

Hezkuntza

Hezkuntza gizarte bateko zutabe nagusietako bat da eta gure kasuan geldialdian dago. Gauzak horrela, planteamendu bat egin du EH Bilduk. Horrelako akordio batean EH Bildu egotea ezinbestekoa da. Legea 2022ra aurreratzeak gauzak azkartu ditzake, eta guk uste dugu elkarrizketa zabal eta pausatua ehin behar dela eragile guztiekin. Ezin dugu Espainiako eredua kopiatu, non gobernua aldatzen denero, hezkunta eredu guztia aldatzen den. Eragileen iritzia kontuan hartzea ezinbestekoa da, haiek ezagutzen dutelako ondoen egoera. Erreferentziazko hezkuntza legea egin nahi badugu ezinbestekoa da eragileak entzun eta aintzat hartzea.

Ikus entzunezkoen legea

Ez da ulertzeko modukoa, euskarak egun bizi duen egoera kontuan izanik, ertz askotatik begiratu behar zaio hizkuntzaren ekosistemari. Horietako bat da ikus entzunezkoen legea eta ezinbestekoa da estatuko hizkuntzetan gutxiengo batzuk izatea, eta ezinbestekoa den heinean ez dugu atzera pauso bakar bat emango eta borrokatu egingo dugu euskarak bere espazioa izan dezan.