Gaur arratsaldean, EH Bilduk lan-bilera bat izan du Bloque Nazionalista Galegorekin eta, horren bidez, indar eta alderdi subiranistekin eta ezker konfederalekoekin egingo dituen aldebiko bilerak abiatu ditu, aurreko ikasturte politikoaren hasieran egin zuen bezala. Irailean zehar garatuko den topaketa dinamikaren helburua da Espainiako Estatuko egoera politiko korapilatsua aztertzea eta nazioarteko testuinguru ezegonkorraren inguruko hausnarketak partekatzea, lankidetza eremu posibleak sakondu eta arakatzeaz gain.
Ezker subiranistaren aldetik, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak, Sonia Jacinto Antolakuntza idazkariak eta Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetako idazkari eta Senatuko bozeramaileak parte hartu dute Bilbon egin den bilkuran. BNGren izenean Exekutiba Nazionaleko hiru kide joan dira: Montse Prado Cores, Nazioarteko Arloaren arduraduna eta Galiziako Parlamentuko lehendakariordea; Nestor Rego Candamil, Erakunde Arloaren koordinatzailea eta Kongresuko diputatua eta Lucía López Sobrado, BNGko Antolakuntzako idazkari nazionala.
EH Bilduko eta BNGko ordezkariek Espainiako Estatuaren egoera korapilatsua aztertu dute eta kezka agertu dute bloke atzerakoiaren mehatxu autoritarioa gero eta handiagoa delako. Espainiako Estatuan eta, bereziki, Euskal Herriko eta Galiziako herrietan eskubide politiko eta sozialak arriskuan jartzen dituen mehatxua, hain zuzen. EH Bilduk eta BNGk elkarlanerako aliantzak josteko konpromisoa agertu dute, mehatxu faxistaren gorakada gelditzeko, azken urteetan arlo honetan eta beste batzuetan egiten ari diren moduan.
Hauteskunde testuingurutik kanpo, ezker subiranistak eta Bloque Nazionalista Galegoak Espainiako Estatua plurinazionala eta eleanitza dela aitortzeko bidean aurrera egiteko egin beharreko lanarekin jarraitzeko borondatea eta konpromisoa agertu dute.
Era berean, gaur arratsaldean egindako topaketan, nazioarteko testuinguru ezegonkorra ere aztertu da, agenda autoritarioek eta giro belizista gero eta handiagoak markatua.
EH Bildu zein BNG prest agertu dira elkarlanerako eta kolaboraziorako dinamika historikoarekin jarraitzeko, Espainiako Estatuko zein nazioarteko mehatxu autoritarioei aurre egiteko.