AKTUALITATEA

| 2020-01-15

Aminatu Haidar Saharako lurralde okapatuetan bizi den Giza Eskubideen aldeko ekintzaile ezaguna da. Nazioarteko aitortza ugari jaso izan ditu eta gure artean, Euskal Herrian, ere behin baino gehiagotan izan da. Atxilotua, desagertua, espetxeratua, jipoitua ... izan da bere bizitzan. Gertatu den bakoitzean, zutitu eta indar gehiagorekin ekin izan dio Sahararen aldeko borrokari.

Horrela gertatu da oraingoan ere. Aurreko igandean, urtarrilaren 12an, beste ekintzaile batzuekin bilera batera zihoazela Marokoko indar okupatzaileetako kide batzuk kalean gelditu, iraindu eta eraso egin zieten. Sidi Mohamed Dadach, Bachir Lejfauni eta Hadiha Zreguinat ere kolpatuak izan ziren.

EH Bildutik gure elkartasuna adierazi nahi diegu Aminatu, gainerako kideei eta Sahararen eskubideen alde lan egiten duten ekintzaile guztiei. Beraiekin bat egiten dugu Marokoko indar okupatzaileak Saharatik alde egiteko eskaerarekin.

Eta berriro exijitzen diogu Espainiari NBEren mandatua bete dezala, Saharako deskolonizazio-prozesua behin betikoz amaituz eta autodeterminazioa-eskubidea aplikatuz.

Gora Sahara libre!