AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-09-04

EH Bilduren Gipuzkoako Mahai Politikoak Maddalen Iriarte Okiñena donostiarra proposatu du 2027ko maiatzaren 23an egingo diren foru hauteskundeetan Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagai gisa.

Hainbat arrazoirengatik proposatu du Iriarte Gipuzkoako Mahai Politikoak. Besteak beste, 2023an bera ahaldungai zela, hauteskundeak irabazi zituen EH Bilduk Gipuzkoan. Gerora egin diren hauteskundeetan ere emaitzek erakutsi dute EH Bilduren proiektuarekin bat egiten duela gipuzkoarren kopuru handi batek. Horren adierazle da herrialdeko 88 herrietatik 51 alkatetza gobernatzea. Eta badu oraindik ere hazteko aukera. Iriartek lau urteotan ildo horretan egindako ekarpena eta lana aintzat hartuta proposatu du berriz hautagai izatea Mahai Politikoak.

Oso ongi ezagutzen du Iriartek herrialdea eta ongi konektatzen du bertako eragileekin. Eta hori ezinbestekoa da EH Bilduren proiektua gauzatzeko. Halaber, herritarren behar eta kezkei erantzuteko proiektua EH Bildurena da, gipuzkoarren gehiengoak adierazten duen gisan. Eta urteotan erakutsi duen konpromisoagatik hori gidatzeko pertsona egokiena Maddalen Iriarte da Gipuzkoako Mahai Politikoaren iritziz.