AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-11-05

Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari nagusiak gaur arratsaldean iragarri duenez, David Fernandez EH Bildun sartuko da, eta EH Bilduren Harreman Politikoen taldeko kide izango da. Mertxe Aizpurua, azken zazpi urteetan Kongresuan euskal ezker subiranistaren bozeramailea izandakoak gidatutako solasaldian egin du Otegik iragarpena, saioaren amaieran

«Horrek indartu egiten gaitu espazio politiko gisa», adierazi du Otegik, kazetari kataluniarra eta Kataluniako Parlamentuko diputatu ohiak EH Bildun modu aktiboan militatuko duela jakinarazi duenean.

Solasaldian Otegik eta Fernandezek nazioarteko egoera politikoari, eskuin muturraren aurrerapenari, desberdintasun sozialari eta ezkertiar subiranistek aurre egin beharreko erronkei buruzko hausnarketak partekatu dituzte, eraldaketa global sakoneko testuinguru batean.

Otegik ohartarazi duenez, munduan gero eta ziurgabetasun handiagoa dago, nazioarteko erreferentziak galdu direlako eta nazioarteko zuzenbidea ahuldu delako. Era berean, klase ertainen prekarizazioa eta posizio sozialak galtzeko beldurra dinamika autoritarioak elikatzen ari direla adierazi du.

«Araurik gabeko mundu baten aurrean gaude; nazioarteko zuzenbidea ez da existitzen. Segurtasun gutxiagoko eta ziurtasun gutxiagoko mundua da», adierazi du.

Bestalde, David Fernandezek esan du desberdintasunak areagotu eta eskubide materialen eta zerbitzu publikoen degradazioa ekarri duela mundua gaur egungo egoerara, eta neoliberalismoaren lau hamarkadako epilogo gisa definitu du.

Fernandezek lotura sozial eta komunitarioen galeraz ere ohartarazi du. Bere ustez, fenomeno horrek, eskuin muturraren hazkundeari mesede egiten dio. «Hori guztia gertatzen da baimentzen dugulako», esan du.

Lotura sozialak berreraikiz irabazten da faxismoaren aurkako borroka

Hizketaldiaren ardatz nagusietako bat kultura-gerra izan da. Atzerakoien aurrerapenari aurre egiteko, erantzun politiko eta soziala artikulatzeko beharra azpimarratu dute Otegik zein Fernandezek.

David Fernandezek defendatu du ezkerrak galtzen joan den espazio sozial eta komunitarioak berreskuratu behar dituela, eta faxismoaren aurkako borroka digitala garatzea beharrezkoa den arren, funtsezko bataila arlo sozialean garatzen dela azpimarratu du.

«Neoliberalismoak hainbeste hondatu dituen lotura sozialak berrosatu behar dira. Gizarte ehun antolatua dagoen tokian zailagoa da faxismoaren ideiak barneratzea», azaldu du.

Horren harira, espazio komunitarioen eta topaguneen papera aldarrikatu du, liburutegiena kasu, eta hausnarketa batekin amaitu du: «Elon Muskek diru asko jarri arren, jendea da salbatzen gaituena».

Otegi, bere aldetik, itxaropentsu agertu da munduko hainbat tokitan emandako aurrerapen erreakzionarioaren aurrean, Estatu Batuak, Brasil eta Serbia aipatuz. Gerra kulturala irabaz daitekeela ere defendatu du, eta atxikimendu soziala sortzeko gai izango diren alternatiba politikoak eraikitzearen garrantzia nabarmendu du.

«Ez da irabazi daitekeela, irabazi beharra dugu», adierazi du.

Ezker subiranistak demokratizazio eta itxaropen proiektu gisa

Bi hizlariek euskal eta kataluniar ezker subiranisten papera aldarrikatu dute, demokratizazio, kohesio sozial eta segurtasun kolektiboko proiektuak eskaintzeko gai diren espazio gisa.

David Fernandezek azpimarratu duenez, Katalunian aurrerapen sozial, ekonomiko eta nazionalak historikoki indar suberanistak elkarrekin ibiltzeko gai izan direnean gertatu dira. Era berean, estrategia independentista partekaturik ez egoteak ultraeskuinak baliatu dituen espazioak uzten lagundu duela adierazi du.

Bere ustez, ezker subiranistek herritarren konfiantza eta itxaropena berreskuratzeko proiektuak eskaini behar dituzte, borrokatzea merezi duena erdigunean jarriz.

Otegik bat egin du akordio zabalak eraiki behar direla esatean, eta indar desberdinekin negoziatzea defendatu du, egungo erronkei erantzuteko ezinbesteko tresna gisa.

«Bide horretatik joan beste erremediorik ez dugu, herri akordioen bidetik, nahiz eta batzuetan kosta», adierazi du.

EH Bilduren idazkari nagusiak, halaber, Agirre lehendakariaren formula aldarrikatu du: aurkaria nor den eta aliatua nor izan daitekeen bereiztea, eta bide partekatuak eraikitzea kointzidentzia espazioak daudenekin.

«Lubakiak eraikitzea erraza da, baina horrek ez ditu jendearen arazoak konpontzen. EH Bildu jendearen arazoak konpontzeko eta itxaropenaren eta erantzukizunaren bandera goian mantentzeko dago hemen», esan du.

Kataluniako nazio askapen prozesuak eta azaroaren 29ko hauteskundeen ondoren ireki daitezkeen agertoki politikoek ere hartu dute solasaldiaren zati handi bat.

Katalunia trantsizio garaian dagoela defendatu du Fernandezek, eta aurrerapauso handienak indar subiranistak batera jarduteko gai izan direnean eman direla azpimarratu du. Kataluniako diputatuek inbestidura blokean duten pisua ere gogoratu du, eta hurrengo hauteskundeen ostean ordezkaritza politikoaren bilakaera behatzeko deia egin du.

Euskal Herriak eta Kataluniak ireki daitezkeen agertoki ezberdinei aurre egiteko duten gaitasunaz galdetuta, bi herrialdeak prest daudela esan du Otegik.

Hiru eszenatoki posible identifikatu ditu EH Bilduko idazkari nagusiak: bat aurrera egitekoa, termino nazional eta sozialetan; bestea autoritarismoak eta indar atzerakoien aurrerapenak markatua; eta hirugarrena, probabilitate gutxiagokoa deritzona, non presioak gertatuko diren PSOEk eskuin muturrik gabeko PPren gobernua errazteko.

Azken agertoki horretan, PSOE 78ko Erregimenaren parametroetara, Felipe Gonzalezen PSOEra eta Alfonso Guerraren PSOEra itzultzeko operazioa dagoela ohartarazi du Otegik.

Hala eta guztiz ere, EH Bilduk agertoki horietako edozeini sendotasun politiko eta sozialetik aurre egingo diola ziurtatu du, ezker independentista lehen indar gisa finkatzeko asmoarekin.

EH Bildu, elkargunerako espazioa

Solasaldiaren azken tartean, proiektu politiko sendo eta iraunkorrak eraikitzeko gakoen inguruan hausnartu du Otegik, EH Bilduren ibilbidea adibidetzat jarriz.

EH Bildu  «elkargunerako espazio» gisa definitu du, partekatutako gutxienekoen, printzipioen eta balioen programen gainean eraikitakoa eta politika konbentzionaletik urrun dagoen egiteko moduetan oinarritutakoa.