EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du Iruñean, Nafarroaren Egunean eta Euskararen Egunean, eta Arnaldo Otegi idazkari nagusiak eta Laura Aznal Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak hartu dute hitza. Azken hau izan da Nafarroako foraltasunaren eta autogobernuaren berritzeari “ausardiaz eta anbizioz” aurre egiteko unea iritsi dela azpimarratu duena, “gizarte bezala eta etorkizunean ditugun erronkei erantzuteko eta birzentralizazio autoritarioaren arriskuen aurrean geure burua babesteko”. Aznalek azpimarratu duenez, “foruak fosilizatu nahi dituztenen aurrean, autogobernu integralerako grina adierazten duen foraltasuna eguneratzeko eta berrabiarazteko garaia da. Foruak ondo adierazten du zer izan ginen eta zer izan nahi dugun”.
Foraltasuna berritzeak, Foru Hobekuntza berritzeak, EH Bilduren iritziz, “egiturazko gabezia” bati erantzun behar dio bere ezarpenean bertan: foraltasunaren eguneratzeak herritarren babesa izan behar du. “Nafarroako herritarrei galdetu behar zaie. Inoiz ez genuen gure erregimen politikoa bozkatu, itun gisa aurkeztu bazen ere, demokratikoki erabakitzeko aukera ukatu baitzigun”, esan du Aznalek.
Era berean, Parlamentuko EH Bilduren bozeramaileak nabarmendu du Nafarroa subjektu politikoa dela. “Nafarroa izango da nafarrok erabakiko duguna. Bai Estatuarekiko bai beste euskal lurraldeekiko aldebiko harremanean”, azpimarratu du.
Zentzu horretan, Aznalek “euskal soberanistei eta beste demokrata aurrerakoiei” batzeko deia egin die estatus berri baten eraikuntzan. “Gure eskua luzatuta dago Nafarroak autogobernu maila altua izan dezan”, esan du. “Demokratok iniziatiba hartu eta indarrak batu behar ditugu. Askatasunak defendatzen ditugunok ongizate aurreratu eta integratzaile baten defentsan aurrea hartu behar dugu eta korronte atzerakoi, autoritario birzentralizatzaileei bidea moztu”.
Otegik politika egiteko modu berrien alde egin du
Arnaldo Otegik, bere aldetik, politika egiteko moduak aldatu behar direla azpimarratu du. “Politika egiteko modua eta moduak aldatu behar dira: eredugarritasunak eremu guztietan izan behar du jarduera politiko guztiaren buru”.
Era berean, autoritarismoari aurre egiteko, askatasun nazionala eta berdintasun soziala defendatzeko eta demokratizazio politika sakonak bultzatzeko ezker subiranista bermea dela adierazi du EH Bilduko idazkari nagusiak. “Eta hori guztia zintzotasunaren bandera altxatuz egiten dugu”.
Bestalde, Otegik esan du autoritarismoa gelditzeko beharrezkoa dela programa eraldatzaile bat inplementatzea, honako hauetan oinarrituko dena: Estatuaren demokratizazioan eta plurinazionalitatearen onarpenean, 78an demokratizatu gabe geratu ziren botereen demokratizazioan eta demokrazia ekonomiko eta sozialerako neurriak martxan jartzean.