AKTUALITATEA

| 2023-12-05

EH Bilduk esan du EAJk, PSEk eta Podemosek Fortuna Handien gaineko Zergari buruz lortutako akordioa "aukera galdua" dela "progresibitatean aurrera egiteko, zerga-bilketa handitzeko eta arlo fiskalean pedagogia egiteko". “Akordioa oso urrun geratzen da Podemosek berak eta EH Bilduk aurkezturiko zuzenketek planteaturiko tarteetatik; izan ere, tiporik handiena 16 milioitik aurrera aplikatu ordez, 14,5 milioitik aurrera aplikatuko da eta horrela ordaindu beharko duten fortuna handien kopurua murrizten da, akordioa motz geldituz”, adierazi du alderdi soberanistak.

Are gehiago, zehaztu duenez, akordio horrek Diputatuen Kongresuan onartutako Fortuna Handien Zergaren “eragina eta irismena murrizten ditu, EH Bilduk ezkerreko beste alderdi batzuekin negoziatu eta adostutako zerga, hain zuzen ere, eta EAJk babestu ez zuena”. Gogorarazi duenez, EH Bilduk, “Fortuna Handien gaineko zerga eta bankuen eta energiaren gaineko zergak adosteaz gain, zerga EAEko eta Nafarroako ogasunekin hitzartzea adostu zuen, gure autogobernua eta gure ogasun propioen ahalmen fiskala errespetatuz eta blindatuz".

Ildo horretan, EH bilduk azaldu duenez, EAJk eta PSEk Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban egin zuten proposamena ikusita, EH Bilduk Nafarroan EAJk, PSEk, Podemosek eta EH Bilduk adostutako Fortuna Handien gaineko Zerga ezartzeko eskatu zuen zuzenketen bidez.

Hala ere, akordio hori "ezinezkoa" izan dela deitoratu du EH Bilduk, "Podemosek zerga beherapena onartzea erabaki duelako, adabakia dena eta ordaindu beharko duten aberastasun handien kopurua mugatzen duena". Gainera, onartu dute Bizkaian Araban eta Gipuzkoan baino tipo baxuagoak aplikatzea. Horrela aberats handienak dituen lurraldean, aberats horiek gutxiago ordaintzen jarraituko dute.

Azkenik, EH Bilduk ohartarazi duenez, akordioaren sinatzaileek ez dute zehaztu zenbat zergadunengan izango duen eragina eta zenbatetan handituko den diru-bilketa, datu hori ezinbestekoa izan arren, akordioaren benetako eragina ezagutzeko.

"Estatuko ezkerreko alderdiak Euskal Autonomi Erkidegoan Madrilen baino eskuinerago daude, eta hemen eskuinaren politika fiskala mantentzen laguntzen ari dira, ia aldaketarik gabe", kritikatu du. Ildo beretik, adierazi du "batzuk igandean agortutako ereduez hitz egiten duten bitartean, asteartean agortutako eredu horiei arnasa ematen laguntzen dute".

"Euskal Herrian ezkerreko politikak aurrera eraman ahal izateko indar harreman bat dagoela uste dugu, eta EH Bilduk ildo horretan lanean jarraituko du, bai fiskalitatean, bai gainerako politiketan", nabarmendu du.