AKTUALITATEA

| 2020-07-21

Koronabirusaren pandemiak sortarazi duen krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari buruzko diagnostikoak kontrastatzeko hainbat eragile sozial eta politikorekin hasitako bilera errondaren baitan, EH Bildu UGTrekin batzartu da gaur goizean sindikatuak Bilbon duen egoitzan. EH Bildu-UGT lehenengo bilera ofiziala izan da gaurkoa eta bertan parte hartu dute Maddalen Iriartek, Arnaldo Otegik eta Unai Urruzunok koalizioaren aldetik eta Raul Arza idazkari nagusiak, Arantza Agotek eta Pedro Marquinak sindikatuaren aldetik. EH Bilduk positibotzat jo du bilera, bi aldeak bat etorri baitira egoerak eskatzen duen erantzunak zerbitzu publikoak indartzea ekarri behar duela, bai eta lehentasunak osasun eta ekonomia arloetan kokatzea ere.

Bileraren ostean Arnaldo Otegik adierazi duenez, gaurkoa “lehenengo urratsa da” UGTrekiko harreman horretan sakontzeko. “Aldaketaren aroa jaio da eta martxan egon daiteke, eta horrek ezkerreko sektore progresisten arteko harremana eskatzen du; ikusiko dugu etorkizunean akordioak dauden ala ez. Une honetan funtsezkoa da erakunde sindikalek eta politikoek krisiaren aurrean zer pentsatzen duten pultsatzea”.

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak gogora ekarri du, halaber, Gasteizko Legebiltzarrean, EAJ-PSE batuketatik harago, alternatiba egon, egon litekeela, EH Bildu, PSE eta Podemosen artean 37 eserleku dituztelako, EAJk baino sei gehiago, eta jeltzaleek Vox beharko luketela ezkerreko gehiengoari gailentzeko. Hori horrela, “gure galdera da: zergatik bere balore eta pentsakeran jendea aurrerakoia den herri honetan entregatu behar zaio giltza politika neoliberalak egingo dituen alderdi bati? Hori da Idoia Mendiak erantzun behar duen galdera”.