AKTUALITATEA

| 2026-09-30

2017tik Belgikan erbesteratuta dagoen Carles Puigdemont presidenteak harrera egin die gaur Waterlooko Errepublikaren Etxean EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegiri eta EH Bilduko Harreman Politikoetarako idazkari Gorka Elejabarrietari.

Bilera giro adeitsu, eraikitzaile eta errespetuzkoan egin dute. Besteak beste, egungo egoera politikoari buruzko iritziak partekatzeko eta Euskal Herriak eta Kataluniak nazioarteko testuinguru aldakor, konplexu eta ziurgabean dituzten erronken inguruan hitz egiteko baliatu dute topaketa, logika belizisten indartzeaz eta nazioarteko zuzenbidearen ahultzeaz kezkatuta.

Indar politiko subiranistekin eta ezker konfederaleko alderdiekin bilera sorta egiten ari da EH Bildu asteotan, eta horren barruan egin dute gaurko topaketa Waterloon. Ildo horretan, Espainiako Estatuko egoera politiko konplexua eta nazioarteko testuingurua aztertzeko baliatu dute bi alderdietako ordezkaritzek gaurko hitzordua. Bai EH Bilduk baita Juntsek ere kezka agertu dute eskuin autoritario eta atzerakoiek Espainiako Estatuan izan duten gorakadagatik, eta horrek Euskal Herriko eta Kataluniako herritarren eskubide nazional eta sozialetan ekar ditzakeen ondorio kaltegarriez ohartarazi dute.

Espainiako Estatuaren izaera plurinazionalaren aitortzan aurrera egiteko unea iritsi dela uste dute EH Bilduk eta Junts-ek. Estatuaren demokratizaziorako pauso sendoak eman behar direla nabarmendu dute, Euskal Herria eta Katalunia nazio gisa aitortzea funtsezkotzat jota.

Modu honetara, EH Bilduk eta Junts-ek konpromisoa berretsi dute atsedenik gabe lanean jarraitzeko Euskal Herriaren eta Kataluniaren eskubide politiko, kultural eta linguistikoak aitortuak, errespetatuak eta bermatuak izan daitezen.