AKTUALITATEA

| 2019-08-09

Josu Urrutikoetxea euskal preso politikoaren egoerari buruz iristen zaizkigun berri kezkagarrien aurrean, EH BILDUk eta EH BAIk honakoa adierazi nahi dugu:

  1. Maiatzaren 16an atxilotu zuten Urrutikoetxea, berehalako artatzea behar zuen eritasun batengatik ebakuntza egitera ospitalera zihoanean.

  2. Atxiloketa egiteko moduak eta egin zuten momentuak oztopatu zuen ebakuntza burutzea; ondorioz, Josuren osasun egoerak okerragotzen jarraitzen du.

  3. Joan den maiatzaren 16an, Josu Urrutikoetxea artatu zuen sendagilearen txostenaren bitartez adierazten zen 30 egun igaro aurretik ebakuntza egitea eskatzen zuela bere egoerak.

  4. Hiru hilabete igaro dira eta ez zaio jaramonik egiten sendagileen aholkuei. Egunetik egunera okerrera egiten ari da Josu Urrutikoetxearen egoera eta inork ez du erabakirik hartzen, denbora igarotzen utziz, egoera konponbide gabea bilakatzeko arriskua egonik.

  5. Beste behin ere agerian geratzen da euskal preso politikoek bizi duten eta jasaten duten zinezko egoera: sendagileen arretarik eza, mendeku politikak, legeen iruzurra, dispertsioa eta senideei horrek erakartzen diena...

  6. Egoera orokor honek, eta momentu honetan Josu Urrutikoetxearenak, sufrimendua eragiten du. Baina sufrimendu honi berariaz ez ikusiarena egiten diote Estatu espainolak eta frantsesak.

  7. Bada garaia sufrimendu guztiak ezabatzeko. Euskal presoek jasaten duten egoerari konponbide integral bat emateko garaia da. EH BILDUk eta EH BAIk nahi lukete politikoki eta sozialki lan egin dadin presoak lehenbailehen etxean egon daitezen beren senide eta lagunekin. Zehazki, eta gizabide printzipioari dei eginez, Josu Urrutikoetxea aske utz dezaten eskatzen dugu, horrela bere osasuna artatu ahal izateko modu egokian.