AKTUALITATEA

| 2026-10-09

EH Bilduren Bizkaiko diputatu nagusirako hautagai Iker Casanovak adierazi du Bizkaiak ez dituela aurpegi aldaketak behar, politika aldaketak baizik. EAJk Bizkaiko diputatu nagusirako hautagaitzaren inguruan hartutako erabakiaren harira, Casanovak kritikatu du ez dagoela proiektu politikoaren aldaketarik, eta alderdi barruko leialtasunak lehenesten direla herritarren beharren aurretik.

«EH Bilduren aburuz, Elixabete Etxanoberen ordezkapenak, alde batetik, EAJren barneko tentsioak erakusten ditu, eta, bestetik, alderdiaren urduritasuna EH Bilduren gorakadaren aurrean», adierazi du Casanovak.

EH Bilduren hautagaiak, hala ere, azpimarratu du koalizio subiranistak ez duela EAJren barne antolaketan esku hartzeko asmorik. «Uste dugu alderdi baten barne arazoetan ez dugula sartu behar, baina bai aipatu behar dugu horrek eragina daukala gizarte osoan eta, kasu honetan, Bizkaia osoan. Azken finean, izendapen honen atzean ez dagoelako proiektu aldaketarik. Fideltasunak saritzen dira, proiektuak baino gehiago», azaldu du.

Casanovak nabarmendu du EH Bildu etengabeko hazkundean dagoela, eta datozen udal eta foru hauteskundeak hauteskundeetan joera hori emaitzetan islatu daitekeela. «EH Bildu hazkunde etengabe batean murgilduta dago, eta gauzak ondo eginez gero, hori islatuko da hurrengo hauteskundeetan. Uste dugu Bizkaian hurrengo hauteskundeak historiako lehiatuenak izango direla, eta argi dago horrek urduritasuna sortzen duela hainbat esparrutan. Horrek gauzak urduritasunez egitera eramaten ditu», adierazi du.

Horren aurrean, EH Bilduren hautagaiak azpimarratu du eztabaida politikoaren erdigunean ez direla pertsonak edo izenak jarri behar, baizik eta Bizkaiak behar duen norabide politikoa. «Guk ez dugu uste etorkizuneko eztabaida aurpegien eta izenen inguruan kokatu behar dugunik. Bizkaiak ez ditu behar aurpegi aldaketak, baizik eta politika aldaketak», esan du.

Casanovaren hitzetan, Bizkaiak munduan gertatzen ari denari buruzko azterketa berri bat behar du, baita politika egiteko modu berriak eta herritarren zerbitzura egongo diren politika publikoak ere.

«Bizkaian behar da azterketa berri bat munduan gertatzen ari denaz, politika egiteko modu berriak, eta baita ere, politika berriak jendearen zerbitzuan. EH Bilduren lehentasuna ez da aurpegi bat edo beste izatea, baizik eta politika horiek definitzea eta herritarrekin partekatzea, benetan gure gizarteak behar dituen aldaketak martxan jartzeko», amaitu du.