AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-11

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur arratsaldean, Irunen. Bertan hitza hartu dute Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendaburuak.

Hauteskunde kanpainaren erdibidean, Otegi baikor agertu da eta adierazi du «mugak, beldurra bezala, askotan ilusio bat dira. Baina ilusioak, irribarreak, eta itxaropenak beti irabaziko diete EH Bilduren aurkako beldurraren botoa sustatzen dutenei».

Egindako bidea ekarri dugu gogora Otegik, nondik datorren EH Bildu eta noraino iristeko aukera duen balioan jarriz. «Orain 4 urteko hauteskundeetan emaitza oso onak lortu genituen. Baina 2.000 bozka eskasengatik ez genituen 3 eserleku gehiago eskuratu. Orain ere aldaketa politikoa egikaritzea gure esku egongo da, gure jardunaren esku. Atera gaitezen guztiok konfort eremuetatik eta jo dezagun aste eta erdi honetan ilusioaren bozkak indartzera. Posible da, eta unea orain da», esan du. 

Baikortasun hori agertu dute Nerea Kortajarenaren hitzek ere, «ilusio berri bat zabaltzen ari da Euskal Herri luze zabalean. Harro Herri oihukatuz hasi zen Korrika Irunen, eta Irun ere aldaketa politikoaren bultzadaren protagonista da. Aldaketaren egitasmoa aniztasuna oinarri duten hiri eta herrietatik ari da zabaltzen eta Irun horren erakusle da», aipatu du.