Elkarrizketa egin diote Arnaldo Otegi idazkari nagusiari Hamaika Telebistan eta estatu politikoaren gaia izan da ardatzetako bat. «Zazpi lurraldeetan badago eztabaida bera: burujabe ez bagara nola egingo diegu aurre ditugun erronkei, mundua hankaz gora dagoen honetan. Aukera bat dago gure eskubide sozial eta nazionaletan aurrera egiteko, balia dezagun», adierazi du Otegik.
Euskararen aurka bizitzen ari garen oldarraldi politiko eta judizialaren inguruan, idazkari nagusiak esan duenez, «euskaldunok gure herrian ezin dugu arautu euskaraz nola bizi. Hori da dugun autogobernua. Aldatu behar da harremana Estatuarekin, euskara babesteko eta bermatzeko, eskubide bat delako».
EH Bildu munizipalismotik etxebizitza eskubidea bermatzeko hartzen ari den neurriak ere izan dituzte mintzagai. «Etxebizitza parke publiko zabal bat behar dugu. Etxebizitzaren funtzio soziala, jabego pribatuaren eta espekulazioaren gainetik dagoela bermatuko duten administrazioak behar ditugu. Ezkerrak eskubideak ikusten dituen lekuan, eskuinak negozioa ikusten du. Hori da desberdintasuna», nabarmendu du Otegik.
Halaber, EH Bilduk azkeneko kongresuan zerrenda bateratuak osatzeko egin zuen proposamenaz galdetuta, Otegiren hitzetan, «eerri zapaldu eta zatitu bat gara. Baina hauteskunde batzuk iristen direnean, hautesontziak jartzen dizkigute, Europaren kasuan, zazpi lurraldeetan, zatiketa gaindituz. Euskal Herria nazioa bat da, euskara hizkuntza duena, autodeterminazio eskubidea duena eta ongizate politikak egiteko gaitasunak dituena. Herri ikuspegi hau lehenetsi dezagun, zerrenda bateratuetan».
Mahai gainean dagoen beste gai garrantzitsu bat polizia ereduaren inguruko gogoeta eta zentzu horretan, Otegik adierazi du, «une honetan badago eredu polizial bat agerikoa dena ez dituela kriterio minimoak betetzen, eztabaida dezagun lasaitasunez zein polizia behar dugun, zer erronkei aurre egiteko».