AKTUALITATEA

| 2020-02-07

Urkullu lehendakariak hauteskundeak aurreratu ala ez, amaitzear dagoen legealdia “EAJ eta Urkulluren errenuntziaren legealdia izan da”, salatu du gaur Unai Urruzunok Legebiltzarrean. Urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira Urkulluk berak aitortu du euskal instituzioek ez dutela eskumenik ez pentsio duinak arautzeko, ez gutxieneko soldata ezartzeko, ez lan baldintza duinak bermatzeko; bada, EH Bilduko legebiltzarkideak esan duenez, “legealdi osoa estatus politiko berriari buruzko eztabaida betean eman ostean, eskumenik ez baldin badaukagu eta eskumen horiek behar baldin baditugu, logikoena litzateke eztabaida horretan marko berri bat eta eskumen berri horiek, behar ditugunak, aldarrikatzea”, baina, horren ordez, EAJk nahiago izan du EAEren ahalmen konpetentziala handitzen ez duen testu artikulatu bat adostea PSE eta Podemosekin.
Urruzunoren iritziz, begien bistakoa da “EAJren aldetik errenuntzia bat egon dela, errenuntzia bat erabakitzeko eskubideari” eta horrek ahalbidetuko lituzkeen eskumenak edukitzeari. EAJn ez dago borondaterik muina politikoa eta ideologikoa delako, erabaki politiko bat dago, dirudienez, ondo datorkiolako hemen eskumenik ez izatea, greba orokorrean erdigunean jarri diren eskariei aurre egin behar ez izateko”.
EAJren gobernu eredua agorturik dago, azpimarratu du Urruzunok. “Hemen egiten da kudeaketa bat lau urte pasatzeko, baina lau urte horietan ezer ez pasatzeko. Helburua hori bada, zorionak, baina herri honek beste erantzun batzuk behar ditu jendearen ongizatea eta beharrizanak zinez bermatu ahal izateko”.