AKTUALITATEA


| 2023-04-28 19:46:00

Zumarragako EH Bilduk herritarren ongizatea eta eskubideak erdigunean jarri, sare eta bizitasun komunitarioa indartu eta ingurune abegikor bat sortzeko hurrengo lau urteetarako bide-orria, programa, landu dugu: 

 

Arcelorreko eremuan zein eredu ezarri nahi dugun aukeratuko dugu hauteskundeetan; eta gure etorkizuna baldintzatuko du. Ehunka lanpostu ditugu jokoan.

 

Arcelorreko lur-saila, Gipuzkoan dagoen industria lurzoru eskasia kontuan hartuta,  potentzialtasun handiko eremua da eta honen inguruan hartzen diren erabakiek gure etorkizuna erabat baldintzatuko dute datozen hamarkadetan.Kalitatezko enplegu berdeak eta teknologikoki aurreratuak sortzen dituzten balio erantsi handiko enpresak erakarriko ditugu.Izaera sozialekoak, osasun eta ingurunearekin abegikorrak. Goierri eta Debagoiena arteko zubia izatea dugu helburu, ekosistema industrial paregabe baten lotura. Bertako enpresa traktoreek zailtasunak dituzte lurzoru berriak topatzeko.

 

 Azken bi urteetan, bi bailara hauetako enpresek, beraien hazkunderako sei kokapen berri ezarri dituzte gure inguruan. Ondorioz, argi dago aukera paregabea dugula gure industria eraldatzeko. Mankomunitateko eragile desberdinen elkarlana eskatuko du erronka honek, eskuzabaltasuna eta kooperazioa ezinbesteko izango direlarik. Ikerketa eta garapena bultzatuko dugu, baliabideetan eta azpiegituretan inbertituz eta eremu horretan kokatuko dugu UGLEn dagoen laborategia.

 

Aro industrial berritzaile eta garbiaz gain herritarron bizitzak hobetzeko 6 proiektu estrategiko jarriko ditugu  martxan legegintzaldian.

 

Uraren tasak murriztu eta herritarren %70arentzat udal-zerbitzuetan hobariak: Udalerriko aberastasuna banatu eta desberdintasun sozialak murrizteko, dimentsio sozial handiko tasa-sistema progresiboa diseinatu dugu: hobariak herritarren %70era iritsiko lirateke eta kiroldegiko bazkidetzan, Zelai Ariztiko ikastaro eta tailerretan, udalekuetan, Udal Euskaltegian, Musika Eskolan eta Eskola Kirolean ezarriko lirtaeke.

Uraren tasak murriztu eta kudeaketa berreskuratuko dugu.

 

Etxebizitza-parkea birgaitu eta birbaloratzeko eskala handiko operazioa:

Gure etxebizitza-parkeak berritzeko eta birgaitzeko beharra dugu.Informazio-bulegoa, hobari-sistema eta laguntzak lortzeko aholkularitza emango diegu etxe guztiei.

Etxeek balioa irabaziko dute, gastu energetikoa gutxituko da, irisgarriagoak izango dira eta gremioak lanean jarriko ditugu tokiko ekonomia mobillizatuz.

 

Bizitza osorako zaintza-ekosistema eta zumarragarrentzat arnasgune berria: Mertzedariekin hitzarmena egingo dugu eta bertan bizitza osorako zaintza bermatuko duten zaintza-etxebizitzak eraikitzeaz gain, horma eraitsi eta eremua herritarren eskura jarriko dugu. Arnasgune berri hori osatzeko, Eitzako frontoia estali eta irisgarritasun balditzak hobetuko ditugu, auzotarrentzat topagune berri bat sortuz. Trintxerako parkea berritu eta estaliko dugu baita ere, adinarteko elkargunea izan dadin.

 

Auzobus elektrikoa eta igogailu-plana:

Autobus elektrikoa martxan jarriko dugu, Urretxurekin mugikortasun plana adostu eta Adif-en aparkaleku disuasorioak diseinatuz. Igogailu-plana egingo dugu: Urdaneta-Esteban Orbegozo, Artiz-Leturiak eta Argixao Egoitzarako konexioak lehenetsiz.

 

Kiroldegi berria eta Herri Arte Eskola:

Arcelorreko lur-eremuak azalera handia du eta industriara zuzendutako guneaz gain, Artiz auzoarekin lotzen den eremua kiroldegi berri bat eta Musika Eskola handituz Herri Arte Eskola bilakatzeko aproposa da. Goiko auzoak herrigunera gerturatu eta biziberritzea lortuko dugu gainera.

 

Gazteen bizitzak erdigunean:

Gazteek bizitza-proiektuak modu duinean eraikitzeko eskubidea izateko egiturazko aldaketak behar dira: enplegu duinak bermatzeko neurriak, etxebizitzaren inguruko lanketa sendoa eta gazteen aisia, sormena eta kultur-guneen erabilera indartzea.

 

Herritarrekin eraikitako programa da geurea.

Duela lau urte esan genuen bezala, bukatzear dagoen legegintzaldi honetan Zumarragako EH Bilduren  lehentasuna herritarrak entzun, zaindu eta herria egitea izan da. Horretarako lanean aritu gara eta arituko gara. Besteak beste, entzute ariketa ugari egin ditugu: auzotarrekin bilerak eginez, erabiltzaile eta herritarrekin kiroldegiaren inguruko hausnarketarekin, herritarrei zuzendutako galdetegia eta aurtengo urtarrilean burututako topaketak dira horren erakusgarri. 

 

Egindako ariketek eta antzematen diren zantzu desberdinek ondorio batetara eraman gaituzte: Zumarragak ziklo politiko berri bat hasi behar du eta bizitza duinak behar ditugu, komunitate indartsu eta ingurune abegikor batean.Eta hau guztia lankidetza, kooperazioa, adostasunean oinarritutako balioak  eta lidergo berriekin egingo dugu.