AKTUALITATEA


| 2023-07-11 08:54:00

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak 2023-2024 ikasturtetik aurrera  landa-eremuko hainbat ikastetxetako  igeriketa ikasteko garraioari diru-laguntza kentzeko erabakiak lurralde orekaren kontra doa eta Zigoitiko umeen eskubideak urratzen ditu. Honen aurrean EH Bildu Zigoitiak honako mozio hau aurkeztu du eta uztailaren Osoko Bilkuran, uztailaren 17an, eztabaidatuko da.

 

MOZIOA, ARABAKO FORU ALDUNDIARI ESKATZEKO IKASTETXE GUZTIEI FINANTZATZEN JARRAITU DEZALA, ESKOLA-KIROLEKO PROGRAMAREN BAITAN, IGERIKETA IKASTERA JOATEKO GARRAIOA.

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak bidalitako komunikazio baten arabera, 2023-2024 ikasturtetik aurrera Arabako Foru Aldundiak ez du finantzatuko hainbat ikastetxetako ikasleen garraiorik igeriketa ikasteko estalitako igerilekua duten instalazioetara joateko. Beraz, orain arte laguntza horri esker lortzen zen landa-eremuko eta hiriguneetako adin txikikoen arteko ekitatea apurtuko da, eta landa-eremuko ikastetxeek eta familiek beste oztopo bat gainditu beharko dute.

Foru Aldundietatik Eskola-Kirolaren barruan, programa desberdinak sustatu eta garatu dira urteotan, eskola orduetan zein orduetatik kanpo. Besteak beste, igeriketa ikasteko programak Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailako ikasleentzat, haurren artean jarduera fisikoaren bidez ekitatea sustatu eta jarduera fisikorako sarbidea bermatzearren. Izan ere, eskolaz kanpoko orduetan ez baita haurren artean ekitatea bermatzen, arrazoi desberdinak tarteko. Beraz, Aldundiek bide bat aurkitu zuten eskola orduetan programa desberdinak sustatzeko, besteak beste igeriketa. Benetan jarduera ekitatibo eta onenetakoa dena; izan ere, horri esker eskolako haur guzti-guztiek, hauen ezaugarriak edozein izanda ere, elkarrekin aktibitate osasuntsu bat egiteko aukera dute, euren garapen motorrerako, bizikidetzarako, integrazio eta inklusiorako lagungarria dena.

Beraz, ez da ulergarria Arabako Aldundiak murrizketa hori planteatzea gainerako Aldundiek igeriketa programa garatzeko landa-eremuetako ikastetxeetako garraioaren finantzazioan laguntzen duten bitartean, zehazki ekitatearen eta lurralde kohesioaren aurka egiten baitu erabaki horrek. Are gehiago kontuan hartzen bada beste herrialdeetan erraztasunak ematen direla laguntza horiek udal edo ikastetxeen bidez eskatzeko edota programa indartzen ari direnean, garraiorako laguntzak sendotuz. Halaber, hori guztia gertatu da Jarduera Fisikoari eta Kirolari buruzko 2/2023 Lege berria onartu den urte berean, eskola-kirolaren jarduerak are gehiago sustatu nahi dituena, eta 125/2008 Dekretua berritu ostean.

Horregatik guztiagatik, mozio hau aurkezten du EH Bildu Udal Taldeak, udal osoko bilkurak eztabaidatu eta onartu dezan:

1.- Zigoitiko Udalak Arabako Aldundiari eskatzen dio, orain arte izandako lan-ildoari jarraituz, igeriketa ikastera joateko programaren garraioa landa-eremuko ikastetxe guztiei finantzatzen jarraitu dezala, Eskola-Kiroleko programaren baitan, horrela Araba lurraldeko kohesioa indartuz eta adin txikikoen artean jarduera fisikorako sarbide eskubidean eta ekitatean sakonduz.

2.- Zigoitiko Udalak Arabako Aldundiari eskatzen dio Euskadiko Jarduera Fisikoari eta Kirolari buruzko 2/2023 Legearen arabera, Eskola-Kiroleko plana eta programak bateratu ditzala, eskola-adinean dauden haurren eta gazteen arteko ekitatea bermatzeko, haien bizilekua edozein izanda ere.

3.- Zigoitiko Udalak Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol sailari eta Batzar Nagusietako talde guztiei bidaliko die.