2024. urterako aurrekontua negoziatzeko prozesuan zehar, EH Bildu Zigoitiak gobernu taldearekin akordio batera iritsi zen ekainetik aurrera mantentze lanetarako bigarren pertsona bat kontratatzeko partida bat sartzeko, hau da, azken urteetan Bengolarrako berdegunea mantentzeko lanak egin dituen enpresaren kontratua amaitzen denetik aurrera. Akordioan ezartzen zenez, lanpostu hori Udaleko Lanpostuen Zerrendan sartu behar zen, eta aurrerago oposaketara atera.
Akordioa betetzeko epemuga gainditu da, eta gobernu-taldeak ez du arlo honetan urratsik egin. EH Bildu udal taldeak akordioa bete egin behar dela azpimarratu du osoko bilkura guztietan. Apirilean jakinarazi ziguten Udaleko Lanpostuen Zerrenda oraindik aldatu gabe zegoela, eta, beranduago, kontratazio-prozesuari ekin aurretik lanpostuen ebaluazioa egitea egokiago ikusten zutela.
Erabaki kontra egin ez dugun arren, ebaluazioa egiteko enpresa zehatz bat kontratatu dute "nahieran", beste eskaintza edo aurrekontu batzuk alderatu gabe, eta, ohi bezala, ez digute horren berririk eman erabakia hartuta izan duten arte.
Gainera, behin eta berriz esan digute Idazkaritzako lan-karga murriztea eta hirigintza-arloko langileen dedikazioa handitzea gure taldeak urteak eskatzen eman dituen mantentze-lanetarako lanpostua berreskuratzea baino beharrezkoagoa dela.
Argi geratu da gobernu taldearentzat enplegu segurua eta kalitatezkoa ez dela lehentasunezkoa; izan ere, mantentze-lanetako bigarren pertsona batek mantentze-lanak eta obrak arinduko lituzke, eta gaur egun bakarka lan horiek egiten dituen pertsonaren laneko segurtasuna areagotuko luke. Hala eta guztiz, beste behin ere, Lanbideren bidez aldi baterako bi pertsona kontratatzera mugatu dira, eta egiturazko premia bat neurri osagarri baten bidez eta askoz ere modu prekarioagoan bete dute.
Argi dago, halaber, gobernu-talde honek ez duela hitzik. Gure jarrera proaktiboaz eta negoziatzaileaz baliatu dira aurrekontuaren oniritzia lortzeko, eta ez dute adostutakoa bete. Gutxieneko konkurrentzia eta gardentasuna bete gabe kontratatutako enpresa baten esku utzi dute erabakia, euren gustu eta neurrira egindako lanpostuen ebaluazio baten bidez, kudeaketa-lanpostuak lehenesteko eta luzaroan prekarizatuta egon diren arloak alde batera uzteko.