Joan den uztailaren 23an, udalbatzak aho batez onartu zuen Bengolarrako eraikina berritzeko obra-proiektua idazteko zerbitzuak kontratatzeko baldintza administratibo eta teknikoen agiria, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez. Hogeitalau lanen artean, Bárbara Silva Gil eta Ignacio Lafuente Saéz arkitektoen “Aterpean zehar” izeneko proposamena ideia-lehiaketako irabazle aukeratu ondoren, baldintza-orri honen bidez, Osoko Bilkuran zuzenean aurkeztu zena, Batzordetik pasatu gabe eta aurretik aztertzea galarazita, hurrengo fasea irekitzen da.
EH Bildu Zigoitiak, pleguaren aldeko botoa emateko berdintasun-teknikariaren eta ingurumen-teknikariaren partehartzea idazketan berariaz sar zedila eskatu genuen. Horrekin genero-ikuspegia eta jasangarritasun eta autosufizientzia energetikoaren irizpideak erreformaren obra proiektua idazterakoan ere kontuan hartuko direla bermatu nahi genuen.
Ideien lehiaketa irabazi duen arkitekto taldearekin egingo diren bilerak abuztuaren 3an hasiko zirela jakin dugu. Kontuan hartuta udal zerbitzu teknikoek udako oporrak izan behar dituzten garaian gaudela, gobernu taldeak partaidetza hori bermatzeko behar diren baliabideak antolatzeko eskatu dugu. Berdintasun-teknikariak eta ingurumen-teknikariak adierazi dute prest daudela eta interesa dutela prozesu honetan parte hartzeko.
Ziur gaude ezinbesteko urratsa izango dela Bengolarrako erreforma arrakastaz egiteko baina gardentasuna faltan botatzen dugu, izan ere, gobernu-taldeak oraindik ez du aurkeztu proiektua jendaurrean, (ez 2017-2018an hainbeste lan egin zuen herritarren partaidetza-taldeari), ezta Udalbatzan ere ez.
Honekin batera eransten ditugun proiektuaren argazkiak Interneten topatu ditugu, hurrengo arkitekturako argitalpenetan:
PLATAFORMA ARQUITECTURA : https://labur.eus/OLbGr
METALOCUS: https://labur.eus/NFehL
WWW.ARCHDAILY.PE https://labur.eus/F9oIB