Zeberio

COVID-19ari PLANTO egiteko neurriak

| 2020-06-26 19:03:00

COVID-19ak sortu duen krisi-egoerari erantzun egokia emateko asmoz,  Zeberioko EH Bilduko Udal Taldeak hainbat proposamen berri ditu. Tamalez, Zeberioko EAJ/PNVren esku dagoen Udal gobernuak ez du nahi gurekin batu proposamen hauen inguruan jarduteko. Arduragabekeria galanta, gure ustez. Beraz, krisiaren kudeaketa hutsal eta Udal Gobernuaren geldotasuna, paralisiaren aurrean, hona hemen Zeberion aurrera eramateko proposamen zehatzak:

MERKATARITZA, OSTALARITZA, AUTONOMOAK

  1. Diru-laguntza zuzenak krisiak kaltetutako merkatari, ostalari eta autonomoei.
  2. Kontsumo bonuak sortu.
  3. Herritarron arteko harremanak berreskuratzeko ekimenak abiatu (kultur edo kirol jarduerak antolatu, umeentzakoak,…). Hori guztia, noski, unean uneko segurtasun neurri guztiak bermatuz.
  4. Alarma-egoera bukatu arte Udal lokaletako alokairua ordaindu ez.

EKONOMIA

  1. Lana sortze aldera eta zerbitzuak bere osotasunean emate aldera, bajan daudenen postuak bete lan-poltsaren bitartez.
  2. Sustatu bidezko merkataritza. Tokikoa. Kanpaina abiatu bertoko produktu eta ekoizleen aldekoa.

GIZARTE ARLOA

  1. Zeberioko herritarrei tasa eta zergak atzeratzea (zirkulazio-zerga). Horren ondorioz, babes soziala bermatzeko beharrezkoa baldin bada, aurrekontuetako partidak birformulatzea.
  2. Beste diru sarrerarik ez duten edo langabezia kobratzen ez duten herritarrentzako laguntzak abiatzea, esaterako, herrian bertan janaria edo botikak erosi ahal izateko bonuak banatzea, alokairua ordaintzen laguntzeko edota energia eta eskola-materiala eskuratzeko laguntzak. Baita, egun, AES laguntza jasotzen dabiltzanei ematen segitzea (salbuespen egoera honek irauten duen bitartean) eta eskatzaile berriei tramiteak ahalik eta gehien bizkortzea. Paperak gabeko pertsonei ere bai
  3. AESak ordaintzeko diru-kopuru nabarmena gorde.

OSASUN ARLOA

  1. Koordinazio estua osasun zentroko langileekin, baita egoitzetakoekin ere.
  2. Informazio zehatza herritarrok bizitzaren arlo ezberdinetan segurtasunez aritzeko.

HEZKUNTZA ARLOA

  1. Kontaktu estua eskola, haur hezkuntza eta Txubelasu guraso elkartearekin: bilerak egin datorren ikasturtea prestatzeko (aurreikuspenak egin, langileak, wifi, ordenagailua,…).
  2. Eskola eta haur-eskolaren etengabeko garbiketa, horrek dakarrenarekin (pertsona bat etengabe garbiketan aritzea).
  3. Txubelasu Guraso Elkarteari dagokion laguntza ekonomikoari eutsi eta babesa eman aparteko diru-sarrerak izan ditzan.
  4. Doako arreta psikologikoa umeei.
  5. Informazio eguneratua ziurgabetasunetik atera ahal izateko.

ZINEGOTZIOK

  1. Udalbatzetara joateagatik banatzen diren dietak ez kobratzea.
  2. Zinegotzi bezala aitortzen zaigun segurua ez hartzea.

 

Ordenantza berrien proiektuari ekarpenak

| 2020-06-15 19:59:00

Udal lokalen erabilerari buruzko ordenantza proiektuari eta Elkarteei diru-laguntzak emateko ordenantza proiektuari, Zeberioko EH Bilduk egindako ekarpenak, ondorengo PDF fitxategian deskarkatu daitezke.

2020ko Maiatzeko EHBZ INFOa

| 2020-06-01 11:36:00

Dronak eta bromak

| 2020-04-19 16:41:00

Drona drona katona, broma dirudi baino ez da. Joan den apirilaren 16an, jakin genuen prentsaren bidez (ohikoa izaten hasi da) Jon Xarles Idirin alkateak Zeberioko biztanleak ia-ia txerritzat jotzen dituela. Izan ere, zaborra nonahi eta noiznahi botatzen dute eta alkatearen eskaerei muzin egiten diete. Gainera, arazoa konpontzeko edo, dronen erabilera proposatzen du, betiere, herritarrak zelatatu eta beldurtzeko asmoz.

Zeberioko EH Bildutik adierazi nahi dugu gu ere garbitasunaren arazoarekin arduratuta gaudela eta gaiari heltzeko prest gaudela, baina ez halako  burubakokeriak erabilita: barregarria da eta lekuz kanpo dago. Alde batetik, hori ez da konfinamenduak eragindako arazoa, lehenagotik ere badator, eta zerikusi handia du EAJ/PNVk bultzatutako zaborrontzien itxiturekin. Alkatearekin berba egiteko prest gaude geure herriaren egoera hobetzeko, auzotarrengana heltzeko estrategiak bilatzeko, gizabidezko jarrerak suspertzeko, baina ez dugu sekula onartuko biztanleria, oro har, eta modu zakarrean, arduragabe eta insolidariotzat hartzea.

Bestetik, alkateak arazoari eman nahi dion konponbidea surrealista da: dronak erabili ingurunea jagoteko????? eta auzotarrok zelatatu eta beldurtzeko. Ezer gutxi esan dezakegu, uste dugu izen ona bere buruari kentzen diola izua zabaltzearen aldeko apustua egiten duenean, hain justu ere, konfinamendu-sasoi honetan non ikara eta zalantzak jada bolo-bolo dabiltzan. Ulertezina benetan. Ikusarazi nahi digu konponbidea herritarrak kontrolatzea eta beldurra hedatzea dela, eta ez da horrela. Bakar-bakarrik gizabidezko, errespetuzko, elkarlanerako eta heziketa onerako jarrerak suspertzeak hurbilduko gaitu konponbidera. Eta hala eta guztiz ere, herritar batek gizalegearen kontrako jarrera erakusten badu, bada, ordain dezala, baina, betiere, ondorioak zeberioztar guztiok pairatu gabe.

Udal gobernuak biztanleria kontrolatzeko dronak erabiltzeak, legezkotasun aldetik zalantza handiak sortzeaz gain, txikitu eta urratu egiten du pertsona guztien intimitate-eskubidea eta ahul bihurtzen gaitu helburu iluneko ezezagunen kapritxoen aurrean.

Bukatzeko, honako paradoxa azpimarratu nahi dugu: diru-bilketak administrazio publiko guztietan behera egingo duen momentu honetan eta, beraz, diru-sarrera gutxiago egongo den garai honetan, udal aurrekontuaren zati bat dronetan ibiltzeko ematea. Are handiagoa paradoxa, kontuan hartzen badugu gizarte laguntzetarako diru-laguntzen eskaerak gora egingo duela nabarmen eta horrek udalari ezohiko ahalegina eskatuko diola azken zentimoa ere alper-alperrik ez emateko . Ez dugu ulertzen, ekimen horren atzean bestelako interesak ez badaude, behintzat.

Aberri Eguna 2020

gugaz ez dagozenak gogoan eta herri langilea bihotzean

| 2020-04-11 13:21:00

Zeberioko ehbilduk Aberri Eguna ospatzeko Euskal Herria Baterak egindako deialdiarekin bat egiten du

 

ALBISTEAK

2020ko Maiatzeko EHBZ INFOa

2020-06-01 11:36:00

Dronak eta bromak

2020-04-19 16:41:00