AKTUALITATEA


| 2020-04-19 16:41:00

Drona drona katona, broma dirudi baino ez da. Joan den apirilaren 16an, jakin genuen prentsaren bidez (ohikoa izaten hasi da) Jon Xarles Idirin alkateak Zeberioko biztanleak ia-ia txerritzat jotzen dituela. Izan ere, zaborra nonahi eta noiznahi botatzen dute eta alkatearen eskaerei muzin egiten diete. Gainera, arazoa konpontzeko edo, dronen erabilera proposatzen du, betiere, herritarrak zelatatu eta beldurtzeko asmoz.

Zeberioko EH Bildutik adierazi nahi dugu gu ere garbitasunaren arazoarekin arduratuta gaudela eta gaiari heltzeko prest gaudela, baina ez halako  burubakokeriak erabilita: barregarria da eta lekuz kanpo dago. Alde batetik, hori ez da konfinamenduak eragindako arazoa, lehenagotik ere badator, eta zerikusi handia du EAJ/PNVk bultzatutako zaborrontzien itxiturekin. Alkatearekin berba egiteko prest gaude geure herriaren egoera hobetzeko, auzotarrengana heltzeko estrategiak bilatzeko, gizabidezko jarrerak suspertzeko, baina ez dugu sekula onartuko biztanleria, oro har, eta modu zakarrean, arduragabe eta insolidariotzat hartzea.

Bestetik, alkateak arazoari eman nahi dion konponbidea surrealista da: dronak erabili ingurunea jagoteko????? eta auzotarrok zelatatu eta beldurtzeko. Ezer gutxi esan dezakegu, uste dugu izen ona bere buruari kentzen diola izua zabaltzearen aldeko apustua egiten duenean, hain justu ere, konfinamendu-sasoi honetan non ikara eta zalantzak jada bolo-bolo dabiltzan. Ulertezina benetan. Ikusarazi nahi digu konponbidea herritarrak kontrolatzea eta beldurra hedatzea dela, eta ez da horrela. Bakar-bakarrik gizabidezko, errespetuzko, elkarlanerako eta heziketa onerako jarrerak suspertzeak hurbilduko gaitu konponbidera. Eta hala eta guztiz ere, herritar batek gizalegearen kontrako jarrera erakusten badu, bada, ordain dezala, baina, betiere, ondorioak zeberioztar guztiok pairatu gabe.

Udal gobernuak biztanleria kontrolatzeko dronak erabiltzeak, legezkotasun aldetik zalantza handiak sortzeaz gain, txikitu eta urratu egiten du pertsona guztien intimitate-eskubidea eta ahul bihurtzen gaitu helburu iluneko ezezagunen kapritxoen aurrean.

Bukatzeko, honako paradoxa azpimarratu nahi dugu: diru-bilketak administrazio publiko guztietan behera egingo duen momentu honetan eta, beraz, diru-sarrera gutxiago egongo den garai honetan, udal aurrekontuaren zati bat dronetan ibiltzeko ematea. Are handiagoa paradoxa, kontuan hartzen badugu gizarte laguntzetarako diru-laguntzen eskaerak gora egingo duela nabarmen eta horrek udalari ezohiko ahalegina eskatuko diola azken zentimoa ere alper-alperrik ez emateko . Ez dugu ulertzen, ekimen horren atzean bestelako interesak ez badaude, behintzat.