EH Bilduren parte-hartze aktiboari esker, mugimendu feministak lortu du EUDELek proposatutako adierazpena baino harago joatea. Urtero bezala, Zeberioko udalak, bi alderdien artean adostutako adierazpen instituzionala aho batez onartu du.
ZEBERIOKO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA 2022KO AZAROAren 25 EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO EGUNA
2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 115 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak.
Antolatutako emakumeonganako gorroto baten erakusle dira beldurra eta kontrola bilatzen duten eraso hauek. Hala ere, eraso bakoitzaren aurrean, hauek salatu dituen Mugimendu Feminista saretu bat atera da kalera. Isiltasunak normalizazioa dakarrelako, onarpena. Eta aspaldi esan genuen ez gaudela egoera hau gehiago onartzeko prest.
Urte luze hauetako lana izan da Indarkeriari maskara kentzea. Sistema patriarkal sendo baten ondoriozko kontua izanik. Indarkeria matxistei buruz egindako makro-inkestak datu larria mahai-gaineratu zuen: bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eragiten duen Berdintasun Legearen erreforma egin da pasa den ikasturtean, indarkeria matxistaren kontzeptualizazioa irekiago bat ekarri duena. Espainiar estatuan ere, Askatasun sexualen legea onartu da, non urte luzeetan mugimendu feministak mahai gaineratutako hausnarketak eta eskaerak kokatu diren, hala nola abusuaren eta erasoaren arteko banaketarekin amaitzea; indarkeria matxista bikote eremutik at eta hainbat alorretan ematen dela ikustaraztea; indarkeria digitalak, instituzionalak eta obstetrikoak izendatzea; sexu erasoak atenditzeko krisi zentroak eraikitzea; eta abar luze bat. Orain, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Garrantzitsua da marko bat ezarriko duten legeak berriztea edo sortzea, are gehiago mugimendu feministak eskatutako norabidean egiten denean, baina baita horiek garatzeko aurrekontu eta baliabide teknikoak ezartzea.
Azaroak 25 hau beraz, indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna izango da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.
Aurreko horiek denak eta emakumeek espazio publikoa bardintasun-baldintzetan erabilteko eta gozetako daukien eskubidea aldarrikatu nahi dogu, erabateko herritartasun eskubideak baliatzeko berme lez eta, azken batean, beren askatasun indibidual eta kolektiboa garatzeko berme lez.
Aurrerapenak lortu dira emakume askoren bakarkako ahalegin etenbakoaren bidez, bai eta mugimendu feministen eta beste erakunde batzuen ahaleginaren bidez be, espazio publikoak eta pribauak gizonen eta emakumeen artean banatzeko dikotomia gainditzeko. Halandabe, oraindino be alde handiak dagoz batzuk eta besteek bizitza publikoan parte hartzeari, gozamenari eta gure hirietako eta herrietako kaleez jabetzeari emon ahal deutsien erabilerari jagokonez.
Bardintasunezko erabilera hori mugatzen daben mekanismoen artean, mundu osoko emakumeek eta neskatoek espazio publikoan pairatzen daben sexu-indarkerian jarri nahi dogu arreta bereziki.
Indarkeria matxista normalizauaren testuinguruan, emakumeen eta neskatilen aurkako sexu-indarkeriak helburu argia dauka, eginkizun sozial zehatza, emakumeak kontroletea eta hareen askatasuna murriztea. Zehazki, jai- eta aisialdi-testuinguruetan eragindako sexu-indarkeriak emakumeen sexualidadea kontroletako funtzinoa beteten dau, bai eta emakumeen desioa, gorputza, mugikortasuna, espazio publikoaren okupazinoa, gizarte hartu- emonak eta bardintasun-baldintzetan gozetako eskubidea askatasunez adierazteko funtzinoa be. Halandaze, politika publikoen eta EAEko administrazinoen betebeharra eta helburua da eskura daukiezan estrategia eta mekanismo guztiak sustatzea, emakumeek eta neskek gure hiri eta herrietako espazio fisikoan herritartasun osoa baliatu ahal izateko eta hura berdintasun-baldintzetan erabili ahal izateko.
NBE-Emakumeak “Hiri Seguruak eta Espazio Publiko Seguruak” ekimenak emakume eta neskatoentzako espazio publiko seguruak eta ahalduntzaileak sortzea sustatzen dau, sexu-jazarpenik eta bestelako sexu-indarkeriarik bakoa. Bardintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik bako bizitzei buruzko Herri Itunagaz bat gatoz.
Kontuan izan behar dogu erreklamautako eskubidearen erabilera ez dela segurtasunera mugatzen; ganera, espazio batean bizi izateko eta sozializetako, jabetzeko eta emakume eta neskatoen interes, nahi eta beharren arabera eraldatzeko sarbidera eta askatasunera zabaltzen dala.
Toki-administrazinoei jagoke, beren politika publikoak emakumeen aurkako indarkeriarik bako leku lagunkoi bihurtzea. Urte honetan gainera, atzerakada ekonomikoaren mamua haizatzen ari den honetan, inoiz baina ozenago aldarrikatu behar ditugu politika eta zerbitzu publikoak. Berdintasunaren norabidean kokatu edo indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak ere oinarrizko beharrizan bezala identifikatzen ditugu.
Dauden baliabide eta proposamen egokiak babestu edo berriak sortzeko momentu aproposa da hau ere. Jendarte hau osatzen dugun guztiok konpromiso hori hartu behar dugu. Eta batez ere erakunde publikoetan gaudenok. Eta gure kasuan, erakunde-eremutik jardunez, horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta politikoak aktibatuz.
Guzti honengatik, indarkeria matxista gertakarietan funtzionamendu protokoloek erabiltzen dituzten mekanismo guztiak egokiak izatea da giltza; beti ere, indarkeria mota hau pairatzen duten emakumeen ahalduntzea helburu duten ikuspuntu batetik. Horretarako, instituzio publikoez gain, gai honetan adituak diren pertsonen eta mugimendu feministen parte hartzea beharrezkoa da ezarritako protokoloekin lagundu dezaten, eta azken batean, berdintasunezko etorkizun baterantz abiatu gaitezen.
Esparru horretan, Zeberioko Udalak honako konpromiso honeek hartzen dauz bere gan: