AKTUALITATEA


| 2020-01-12 12:27:00
Azaroaren 28an Ohiko Osoko Bilkura burutu zen Zeberion. Hainbat gai jorratu ziren. Hona azpimarragarrienak: 

Hirigintza Plan (HAPO) berria aho batez onartu zen

EH Bilduren Udal Taldeak irakurketa baikorra egiten du onarpenaz: agintean ginela bultzatu genuen parte-hartze prozesuaren bitartez ezarritako oinarriak mantendu dira. Horri esker, arau berriek Zeberioko ingurumena hobeto zaintzeko eta lurraren erabilera egokia sustatzeko aukera emango digute. Zeberioko EH Bilduk den-dena emango du onartu berri den HAPOa benetan betetzeko.

Turismo eredua

Zeberioko EH Bilduren iritziz EAJ/PNVk bultzatzen duen turismo eredua zenbakiei eta datuei bakarrik erreparatzen die: ekuazioa, Zeberion, apartamentu turistikoetan gero eta jende gehiagok gaua ematea = turismo gehiago = hobeto Zeberiorentzat. Ordea, ez dute kontuan hartzen zertan etorri diren pertsona horiek, kasu, Bilbo eta beste gune interesgarriez gain, gure herria ere izan behar du jomuga. EH Bildun pentsatzen dugu gure eskaintza turistikoa dauzkagun berezitasunetatik sortu behar dela: nekazaritza, natura, kultura, bertoko produktuen kontsumoa ... Horren ildotik, estudio baten erabilera Nekazalgunearekin lotu zen, proiektu hori herriarentzat estrategikoa delakoan. Horregatik ez dugu ez ulertzen ez onartzen, EAJ/PNVk alkatetzatik Nekazalgune proiektua etengabe erasotzea: lortu ziren lurrak jabeei itzultzea, kontserbera ondoko erabilera anitzeko espazioa okupatzea, eta, azkena, Ermitabarriko estudio guztiak turismorako uztea.

Adierazpen instituzionala automozio sektorearen inguruan

Igorreko Batz eta Araluce enpresen egoera dela eta, adierazpena onartu du Zeberioko Udalbatzak testu bateratu baten bitartez. Helburu nagusiak bi dira: batetik, langileei elkartasuna adierazi, eta, bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu beraien eskuetan dauden lanabes eta bitarteko guztiak ipini ditzatela automozio sektoreak Arratia bailaran pairatzen duen egoera larriaren ondorioak arintzeko, eta Arratiarako Plan Industrial bat diseinatzeko eta berori aurrera eramateko bitartekoak jartzeko.

Zeberioko Udalaren Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean. 

Udalbatzak aho batez onartu zuen EUDELen adierazpena, EH Bilduk gutxieneko edukiak gordetzen dituela uste du eta, baina guk beste testu bat aurkeztu genuen, konpromiso zehatzak batzen dituena, marko orokorraren irakurketaz eta erreparazioaz haratago, EAJ/PNVk atzera bota zuena. [https://labur.eus/2019azaroak25]

Euskararen Nazioarteko Egunerako Adierazpena

Aurreko adierazpenarekin bezala, hemen ere Zeberioko EH Bilduk berea aurkeztu zuen, Zeberiorako hainbat proposamen zehatzak batzen zituena, eta berriz ere, EAJ/PNVk atzera bota zuen, testu bateratu bat sortzeari inongo aukerarik eman gabe. Hitz eta testu samurretatik haratago joateko beharra ikusten dugu Zeberioko EH Bildun, konpromiso zehatzek eta neurri jakinek ematen diotelako zentzua adierazpen bati.  [https://labur.eus/2019eus]

Suteen kontrako materiala

Udalbatzan alkateak Zeberioko auzoetan banatuta dagoen suteen kontrako materiala aztertu eta falta dena edo baldintza txarretan dagoena ordezkatzeko asmo sendoa azaldu zuen. Zeberioko EH Bilduk, bere momentuan martxan jarri zuena proiektu hau, oso garrantzitsutzat jotzen du proiektuak aurrera egitea, suteek gure bizilagunengan, baserrietan, ondarean eta ingurunean eragin ditzaketen kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Eusebio Aldekoa egoitzak 30 urte bete ditu, zorionak!

Jaiak ondo igaro dituzuelakoan, urte berri ona opa dizue Zeberioko EH Bilduk!