AKTUALITATEA


| 2020-07-24 09:27:00

Zaldibarko Udalbatzak atzo eman zion hasierako onarpena PNV eta PSEren udal gobernuak proposatutako Elizondo eta Zaldua plaza arteko igogailu proposamenari. EH Bilduk kontrako botoa eman zion egitasmoari eta udal gobernuari “presaka, ezkutuan eta herritarrak aurrez aurre jartzeko fede txarrez” aritzea egotzi zion.

EH Bilduk udal gobernuak erabilitako formak salatu zituen plenoan. Alde batetik 358.000€ ko kostua izango duen proiektua batzorde bakarrean azaldu eta handik hiru egunera plenoan hasierako onarpenerako aurkeztea salatu zuten. “Jarrera hau ez da gardena ezta etikoa ere. Errespetu falta itzela da horrelako dimentsioa duen proiektua eztabaidarik gabe, presaka eta ezkutuan onartu nahi izatea” egotzi zion Aitor Lopez EH Bilduko zinegotziak gobernu taldeko kideei, eta gardentasun eta informazio falta gobernuaren “ohiko jarduna” direla gaineratu zuen.

Bestalde herritarren inguruan udalak sortutako nahasmena ere salatu zuen EH Bilduk. Udalak ez du proiektuaren inguruan herritar guztientzako batzar irekirik deitu, eta EH Bilduk hori egitea ezinbestekotzat jo zuen. Lopezen ustetan “udal ordezkariak auzo batzuetara joan zarete herritarrak nahastu eta beraien artean enfrentamendua sortzeko asmoarekin. Udalak ezin du hori egin, arduragabekeria da. San Andres, Zalduaran eta Elizondoko bizilagunak aurrez aurre jartzen saiatu zarete manipulazio eta datu faltsuekin, gainontzeko herritarrei aldiz, informaziorik ez”.

Igogailu proiektuaren edukia eta prozedura ere salatu zuen EH Bilduk. Udalari igogailuak izango lukeen erabilera potentziala era formal eta adostuan neurtzeko eskatu zioten gobernu taldeari. “Sinestezina da horrelako proiektu bat egitea izango duen erabilera neurtu barik, eta igogailuak urtero izango dituen mantenu gastuak kalkulatu barik”. Hortaz gain, igogailuak inguruan izango lukeen inpaktuarekin ere desadostasuna azaldu zuen EH Bilduk. “Proiektuak ez du Alde Zaharra berpiztuko, are gehiago, bertako berdegune bat suntsituko luke. Elexpe Sanjuangoako Kultur Etxeak berpiztuko luke auzoa. Kultur Etxearen bitartez alde zaharra irisgarria egin daiteke kanpo igogailuaren beharrik gabe, baina proiektua kajoian gordeta duzue” adierazi zuten. San Andres auzoarekin lotura ere zalantzan jarri zuen EH Bilduk “denok nahi dugu San Andres herriarekin lotzea, baina igogailu honetatik auzora beste 300 metro daude, gutxienez. Igogailuak ez ditu herri-gunea eta San Andres auzoa lotzen”.

Bukatzeko EH Bilduko ordezkariak igogailuaren aurrekontua bestelako proiektuetara bideratzeko eskatu zion udal gobernuari, eta eskolako patioa berregituratzeko egitasmoa aipatu zuten EH Bilduren lehentasun bezala. EH Bilduk proiektu honi alegazioak aurkeztuko dizkiola aurreratu zuen.