AKTUALITATEA


| 2023-02-25 12:30:00
 
 
 

 

Otsailaren 25ean Ederrena frontoiko kontrakantxan egin duen ekitaldian, EH Bilduk datozen maiatzaren 28an izango diren udal hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du, Jon Altolagirre Askasibar buru izango du. Aurrez aurre ditugun erronka erraldoiei behar bezalako erantzuna emateko helburu nagusiarekin.

Ekitaldian, egungo zinegotziekin batera, Urretxuko alkate izan zen Oihane Zabaletak hartu du parte. Nabarmendu du “komunitatearen izaera indartzea izan da gure bidea eta ziur naiz gaur aurkezten dugun hautagaitzarekin bide horretan beste pausu bat emango dugula”.

Altolagirrek azpimarratu du “ohorez eta arduraz heltzen diot erronka honi. Prest gaude gure onena Urretxuren alde emateko. Konbentzituta nago EH Bilduk Urretxun sekulako ekarpena egin dezakeela. Urte luze hauetan egin dugunaren haritik, gure eskua elkarlanerako zabalik baina determinazio osoz gure proiektuak, gure egiteko modua, ezkerretik eta Euskal Herria ardatz harturik, herritarrekin elkarlanean, beti egin izan dugu moduan”. Halaber gaineratu du “haize berria behar du Urretxuko udalak, garai eta erronka berriei behar bezalako erantzuna emateko”.

Edozein kasutan, proiektu kolektibo bat dela nabarmendu du Altolagirrek. “Politikagintza horrela ulertzen dugu, sentitzea eta pentsatzea, Urretxuren aniztasuna kontuan izan, berdintasuna oinarri, komunitatean eragin eta bizi nahi dugu. Horixe da gure egiteko modua, herritarrak entzun baina batez ere herritarrekin batera udal politika ulertzeko modua. Udal politika zurrun batetik aldendu eta parez pare ditugun erronka handiei eusteko prest eta gogotsu, herrigintzatik abiatuta eta Europan pilatutako eskarmentu guztia herrira ekartzeko gure determinazio osoz”.

Hautagaitzaren erronka nagusienak aletu ditu hautagaiak:

    • “Urretxun lan eta bizitzeko aukerak biderkatu behar ditugu. Herritarren %80ak baino gehiagok Urretxutik kanpo lan egiten du eta herriko langabezi-tasa Gipuzkoakoa baino handiagoa da (%8,5a, %7,7aren aldean). Aberastasunaren sortzaile eta birbanatzailea izan den industriak gero eta pisu txikiagoa du gurean (Urretxuko BPGaren %25,5a suposatzen du, zerbitzuek %60,5a osatzen duten bitartean). Hain zuzen ere, arlo soziekonomikoak bultzada berri bat behar du, Urola garaiko garapen agentziak, Ugassak, martxan dituen proiektuak indartu behar ditugu, industria berdearen eta ikerketaren eta garapenaren aldeko apustua eginez”.
    • “Eusko Jaurlaritza Osakidetza desmantelatzen ari den honetan, Zumarragako anbulatorioko EAG/PAC zerbitzua, haurrentzako osasun mentaleko zerbitzua edo anatomia patologikoko zerbitzuak dira egoera horren adibide nagusienak, Udalak osasun publikoaren defentsan eta indartzean lidergoa izan behar du. Halaber, uraren zerbitzua publifikatzeko bidean aurrera egin behar dugu, guztion ondasuna izanik, helburu argi batekin: urretxuar guztien uraren faktura merkatzea”.
    • “Kulturaren transmisioak eta euskarak bultzada berri bat behar dute gurean, Euskararen kale-erabilerak nabarmen egin dute behera azken urteotan bi herrietan, eta lidergoa eta determinazioa behar-beharrezkoak dira euskara prestigiatu eta egunerokoan herritar gehiagok erabil dezagun.
Halaber, kultura komunitateak bat egiteko eta izaera kritikoa pizteko ezinbesteko osagaia da: bultzada berri bat behar du, eta horretarako aukera paregabea dugu Pagoeta gunearekin. 2011-2015 legegintzaldian egin genuen lanak ahalbideratu du herriaren esku dagoen azpiegitura izatea. Baina espazio huts eta “eskatu-ahala” erabilera batetik, herri honetako kultur politika artikulatuko duen topagune izateko gunea behar du izan, Pagoeta auzoan guztiz integratua egongo dena”.
    •  “Urretxuko biztanleria zahartzen ari da (65 urtetik gorakoak 1525 dira, populazioaren %22,5 dira, 2017an %21a zen bitartean). Honek zaintzaren paradigma aldatzera behartzen gaitu, eredu publiko-komunitario batera jauzi egin eta bitarteko gehiago eskainiz, hala-nola, etxez etxeko zerbitzua indartuz, zaintzaileak zainduz eta erabiltzaileak zerbitzuaren zentroan jarriz, eta ez alderantziz. Azken urteotan Gipuzkoako hainbat herritan martxan jarri diren edo jartzear diren hainbat proiektu ekarriko ditugu gurera, Usurbilek, Errenteriak edo Azpeitiak egiten duten moduan, belaunaldien arteko etxebizitzak edo adinekoen etxebizitza-unitateak eraikiz”.
    • “Klima larrialdi egoera honetan, Ezin dugu beste alde batera begiratu: energia krisiari aurre egiteko herri mailako neurriak inoiz baino beharrezkoak direlako,  energia burujabetzaren bidean, ezinbestekoa da komunitate energetikoak martxan jartzea”.
    • “Etorkizunari parez pare begiratuko badiogu, herriko gazteen autonomia eta emantzipazioa oinarritzat dituzten politikak garatu behar ditugu. Gipuzkoako gazteen langabezi-tasa %15,9koa da,  Europar Batasunaren bataz bestekoaren gainetik (%13,8), eta zer esanik ez Europako herrialde aurreratuenekin alderatuta: Danimarkak %10,6, Alemaniak %5,7, esaterako.
Gazteekin beraiekin eskuz esku arituko gara lanean, euren beharrizanak lehen lerrora ekarrita”.