Udal-igerilekuak ekainaren 14an ireki zirenetik, hainbat akats eta gorabehera detektatu
dira. Gertatutakoak zalantzan jartzen du zerbitzuaren kudeaketa, instalazioen
segurtasuna eta gobernu-taldeak emandako informazioaren gardentasuna.
Zenbait egunetan uraren egoera desegokia izan da, zalantzarik gabe: ur uherra –ezin
zitekeen ezta hondoa ere ikusi–, eta, batzuetan, berdea, algak ugaltzearen ondorioz.
Zenbaitetan, garbiketa-protokoloa ez da zorrotz bete, lanaldiaren amaieran ez baita
mantentze-lanik egin, eta gehiegizko edukiera ere ez da behar bezala kontrolatu.
Instalazioak ez daude batere ondo. Baldosa ugari apurtuta daude, eta horrek zauriak
eragin dizkie erabiltzaileei oinetan. Gainera, aste batzuetatik hona pare bat dutxa itxita
daudenez, erabiltzaileen erosotasuna eta oinarrizko zerbitzuen eskaintza mugatuta
dago.
Kezkatzen gaituen beste alderdi bat uraren analisia da. Egunean hiru aldiz egin behar da
kontrola, lizitazioaren baldintza-agiriaren eta indarrean dagoen araudiaren arabera, eta
baliteke jende gehien biltzen den ordutegian inork analisirik ez egitea. Hala dela
baieztatuz gero, osasun publikoaren aurkako gertakari larri baten aurrean egongo
ginateke.
Uretan agertutako kakari dagokionez, informazio okerrak zabaldu dira. Arazo horrek
eraginda igerilekuak itxita egon ziren ekainaren 29an eta 30ean, bai eta uztailaren 1ean,
6an eta 9an ere (5 egun guztira, eta ez 8, baieztatu zen bezala). Baina gertakari horiek
isolatuak eta istripuzkoak izan ziren; hain zuzen ere, haurtxo bati kakak bi aldiz ihes egin
zion nahi gabe, beste haurtxo bati behin, eta behar bereziak dituen pertsona bati gauza
bera gertatu zitzaion. Ez dira inola ere “erronka biral” baten ondorio izan, hedabide
batzuek iradoki zuten bezala, ezta “adarra jo nahi duen norbaitek eraginda” ere, Iker
Santocildes alkateak irratiko elkarrizketa batean adierazi zuen moduan.
Funtsik gabeko baieztapen horiek Urduñaren irudia kaltetu dute, gazteak inplizituki
estigmatizatu, "erronka birala" gazteekin lotzen delako, eta arreta desbideratzen
lagundu dute, mantentze- eta kudeaketa-arazo errealetatik urruntzeko.
Azpimarratu nahi dugu sorosleak ez direla egoera honen erantzule. Baldintza zailetan
aritu dira lanean, erabiltzaileen aurrean aurpegia emanez. Mantentze-lanen ardura
zerbitzua adjudikatu zaion enpresarena da, baina erantzukizun nagusia Udalarena da,
EAJ-PNVrena, eurak daudelako gobernuan. Eurek bermatu behar dute zerbitzua
baldintza egokietan ematen dela; eskakizunak betetzen direla gainbegiratu behar dute,
eta zerbitzuaren kudeaketa zuzenean euren gain hartu.
Gobernu-taldeak, aldiz, herritarrak eta familiak erruduntzat jotzea erabaki du, akatsak
aitortu eta neurri zuzentzaile eraginkorrak hartu beharrean.
Uztailaren 7an, EHBildutik idatziz eskatu genion alkateari gertakari bakoitzari buruzko
informazioa, baita enpresak eta Udalak egindako jardueren erregistro zehatza ere.
Uztailaren 21ean jaso dugun erantzunean (eskaera egin eta bi aste geroago), gobernutaldea informazio orokorra ematera mugatu da. Hau da, astebete lehenago prentsari
emandako informazio bera eman digu alkateak.
Gure idazkian, herritarrei behar bezalako informazioa emateko ere eskatu genuen, baina
ez da horrela izaten ari. Asteburu honetan, adibidez, igerilekuetako ura berde egon da;
ez da egon bainatzeko moduan, eta Udalak ez du inolako informaziorik eman.
Uztailaren amaieran gauden honetan, herritarrek konfiantza galdu dute zerbitzuan, eta
egun eguzkitsuetan ere, udal-igerilekuak ia hutsik egoten dira.
Muerako igerilekuak EAJren promesa izarra izanik, nola liteke kudeaketa hain
negargarria izatea?