AKTUALITATEA


| 2019-02-01 18:34:00

Urriaren amaieran amaitu zuen alkategaia aukeratzeko barne prozesua Tolosako EH Bilduk eta orduantxe zabaldu zen notizia lau haizetara: Andu Martinez de Rituerto Arregi izango da zerrendaburua maiatzeko udal hauteskundeetan. Bere aurkezpenean azaldu zuen ardura handiz baina ilusio ikaragarriarekin heltzen diola erronkari.

Ezagutzen ez zaituen norbaiti, nola azalduko zenioke nor den Andu?

Andu Mtnez. de Rituerto 51 urteko lazkaotar tolosartua dela esango nioke, bizi osoan kezka sozial handiak izan dituen pertsona; oso gaztetatik ikasleen ordezkaria izandakoa bai institutuan eta baita unibertsitatean. Gero, nire antimilitarista izaerari bide emanez, intsumiso egin nintzela azalduko nioke eta lan munduan murgildu nintzenetik disposizio guztia izan dudala ardurak hartzeko.

Bestaldetik, saltsa askotan sartuta topatu dut beti nire burua eta ez dut inoiz aspertzeko betarik izan. Familian ere, bost seme-alaben aita naiz baina bien bitartean, Euskal Mendizale Federazioko idazkaria izan naiz, kirolean ere jarraitu dut nire ibilbidea, eta familia aurrera atera dugu nire bikoteak eta biok. Interes asko dituen pertsona konprometitua naizela esango nuke.

Nondik dator Tolosarekin duzun harremana?

Unibertsitatean nire bikotearen anaiarekin topatu nintzen. Iñauterietan eta Tolosara etorri, eta nire bikotea ezagutu nuen. 90az geroztik harreman asko izan dut Tolosarekin eta 1999an etorri ginen bertara bizitzera. 

Eta orain politikara egin duzu saltoa.

Herrian ematen den politika mota, ohiko politikatik aparte kokatukonuke eta, ni behintzat, ideiahorrekin etorri naiz. Nire ustez herrigintzan aritu nahi dugunok herriari begira egin behar ditugu gauzak, herriaren eta herritarren beharrak entzun eta erantzunez. Argi dago udalbatzan egongo garenguztiok gure pentsaera izango dugula, baina tolosarren beharrei erantzun behar diegu akordioen bidez. Denok izan behar dugu malguak herritarrak kontuan izanda. Adostasun geroz eta zabalenak dira onenak.

Zure aurkezpenean independente gisa aurkeztu zinen.

Bai, eta inportantea dela uste dut. EH Bildurenizenean aurkezten naiz, eta marko ideologiko batean kokatzen naiz, baina bestalde, ez daukat talde politiko jakin baten presioa gainean. Momentu oro askatasunean lan egiteko aukera transmititu zait eta oraintxe bertan, taldea osatzen ari garela, herritar desberdinek osatutako herri-hautagaitza izaera eman nahi diogu EH Bilduren zerrendari.

Zein behar ikusten dizkiozu Tolosari?

Gure herria tolosarrentzat bizigarriagoaegin behar dugula uste dut. Badakit oso kezkatuta gaudela kotxea aparkatzeko ditugun aukerekin, baina ezin dugu epe motzera pentsatu; epe luzera begirako irtenbideak eman behar zaizkio gaiari eta gauzak ondo pentsatuta egin behar ditugu. Duela gutxira arte Alde Zaharrean autoak aparkatzen genituen, Euskal Herria plaza kotxez beteta zegoen, eta orain, hori aldatuta, herri bizigarriagoa dugu. Horregatik diot, Zumardi Txikitik autoak ateratzea eta Rondilla irisgarriagoa egitea ederra izan daitekeela, baina patxadaz pentsatu behar dugu zer eta nola egin, irtenbide guztiakaztertuz eta aparkatzeko arazoei erantzunez.

Beste kezketako bat bada etxebizitzarena, eta batez ere, gazteek etxebizitza batera lehen aldiz sartzeko dituzten zailtasunena. Gizarte moduan gure gazteekin solidarioak izan behar dugula uste dut. Ezin ditugu gazteak 30 bat urterekin gurasoen etxeetan eduki ezin dutelako etxebizitza bat alokatu edo erosi. Oso ideia politak sortzen ari zaizkigu hirigintza lantaldean honi erantzuteko.

Hauetaz gain, askotan alde zaharrari eta zentroari begiratzen badiogu ere, izaera eta nortasun handiko auzoak ditugu herrian. Auzo bakoitzak bere behar bereziak ditu eta ezin ditugu ahaztu. Auzotarrekin beraien beharrak zein diren aztertu eta datozen urtetarako proposamenak zehaztu behar ditugu auzotarren bizitza hobetzeko. 

Eta ez nuke ahaztu nahi eskualdeko osasun arretarekin dugun gatazka. Urte asko daramatzagu herritarrok zerbitzu duina eta egokia eskatzen, eta datozen lau urtetan, horri erantzun beharko genioke bai udaletik zein beste erakundeetatik. 

Tolosa sarritan alde zaharrarekin eta erdialdearekin identifikatzen dugula esan duzu. Eta udala, jendeak gertuko erakundea dela sentitzen duela uste duzu?

Normalean ezetz esango nuke eta ikusmolde horrekin hautsi behar dugu. Teknologiak aukera asko ematen ditu herritarren parte hartzea etengabea izateko, eta bide horiek zabaldu eta sakondu behar ditugu. Azken finean, jendea udalak hartzen dituen erabakien parte sentitzea nahiko nuke nik.

Udal arduretan dauden eta egongo garen pertsonok denona den zerbait kudeatzen ari gara eta gure ardura daukagu, noski. Baina nolabait, lortu behar dugu jendeak udalaren proiektuak denonak direla sinestea, ez momentuan udal gobernuan dagoen taldearenak. Nire esperientziak argi utzi dit, jendeak askoz ere inplikazio handiagoarekin parte hartzen duela, prozesu baten parte sentitzen denean.

Nolako Tolosa irudikatzen duzu hemendik urte batzuetara?

Irudikatu nahiko nuke langabezia tasa oso baxuko herria, inguruko enpresek datozen aldaketetara egokitzeko gaitasuna izan dutelako, bai ingurugiro, langile eta beren produktuekin. Bizitza duina duten tolosarrak nahi ditut herrian, baita pentsionistak ere, noski. Fisikoki oinezko gehiago ikusi nahiko nituzke kalean, bizikleta gehiago, kotxe gutxiago eta trafiko arinagoarekin. Alde Zahar bizia nahiko nuke, denda txikiz betea, eta herrian zehar espazio berde gehiago ere imajinatzen ditut. Tolosar gazte kritikoak ere nahiko nituzke, gure akuilu izan daitezen. 

Herri anitza, berdintasunean oinarritua eta euskalduna ikusten dut; tolosar zoriontsuak imajinatzen ditut etorkizuneko Tolosan.