AKTUALITATEA


| 2020-06-18 19:21:00

Kritiko da Tolosako EH Bildu. Udal Gobernuaren aldetik, esaten dutenaren eta egiten dutenaren artean alde nabarmena dagoela ikusten dute. Elkarlana nonahi eta noiznahi darabilten arren, orain arte elkarren proposamenak entzuteko, mahagainean jarri eta horiek garatzeko testuinguru egokirik ez dela eman azpimarratu dute. Hala ere, EH Bildutik eta, egoerak egoera, elkarlanerako guneak bilatzen eta ekarpenak egiten ahalegindu direla gaineratu dute. 

 

Argia izan duten nahiz itzalean gelditu diren proiektu horiek guztiak gizarteratzeko prentsaurrekoa egin dute ostegunean, ekainaren 18an, arratsaldeko 17:30ean.

 

Oposizio gisa egindako lanketan, ondorengoak zerrendatu dituzte:

  • Herritarrei informazioa helaraztea.
  • Boluntario taldea eta gainontzeko eragileak udalarekin  koordinaziorako proposamena.
  • Adinekoei erosketak egiteko protokoloa.
  • Saltoki handietako protokoloak zorroztea.
  • Bertako ekoizleen produktuei irteera emateko proposamenak. Azoka martxan jarri eta beste aukeren proposamena. 
  • Zaurgarrienak zauritu, Iurramendirako proposamena.
  • Merkataritza bonoen proposamena.
  • COVID-19 krisiaren ondorioei aurre egiteko proposamena.
  • Oinezkoen mugikortasuna lehenesteko proposamena.

 


Herritarrei informazioa helaraztea

Martinez de Rituetok gogorarazi du, etxealdirako deia egin ahala, “sare sozialetan herritarrei hainbat gomendio elkarbanatu genizkien”, eta gaineratu du: “Lehen asteburuan boluntario taldeko kide batekin harremanetan jarri ginen beriekiko gure asmoen berri emanez”

Hasierako egun horietan ez ezik, gerora ere hainbatetan zabaldu ditu EH Bilduk nahiz bere taldeko buru den Andu Martinez de Rituertok herritarrei begirako mezuak. Dena den, barrura begirako lanetan zentratu direla aitortu dute. “Oposizioaren fiskalizazio lana bigarren maila batean utzi dugu, ez baitzitzaigun iruditzen elkar xaxatzen aritzeko momentua zenik. Proposamenak egiteko, eraikitzeko eta indarrak batzeko momentua zelakoan gaude. Beti egon gara horretarako prest, baina horrelako egoera batean ezinbestekoa da hori.” Horregatik, balorazioak eta kritikak behin egoera pittin bat baretu denean egitea erabaki dute.

 

Boluntario taldea eta gainontzeko eragileak udalarekin  koordinaziorako proposamena

Itxialdiko lehen asteburuan, herri askotan sare solidarioak martxan zeudela ikusita, adinekoei erosketak egiteko protokolo proposamena landu zuen EH Bilduk. Proposamen hori Tolosako boluntarioekin partekatu zutela gehitu dute. “Jarraipen batzordearen lehen bileran bertan, martxoaren 16an,  protokolo hau aurkeztu eta Tolosan eratutako bolondresen taldea, eragile ezberdinak eta udala hartuko zituen  koordinazio sare bat eratzearen beharra azpimarratu genuen,” azaldu du Xabier Martinez Quinquilla zinegotziak. Antolaketarako metodologia proposamena ere egin zuen  EH Bilduk: beharrak definitu, antolaketa, eragile bakoitzaren egitekoak eta bete beharreko neurriak jasotzen zituena.
 

Bertako ekoizleen produktuei irteera emateko proposamenak. Azoka martxan jarri eta beste aukeren proposamena.

Martxoaren 21ean azoka egitekotan zen Tolosako Udala. Aurkako iritziak jaso ostean, bertan behera uztea erabaki zuen. Handik hiru egunera, azokak bere horretan egitea posible ez zela ikusita, EH Bilduko udal taldeak hainbat proposamen aurkeztu zituen baserritarren produktuak modu seguruan saldu ahal izateko.  Proposamen horretan biltzen ziren, besteak beste, Zerkausiko salmenta puntu berezia, Pilotalekuan banatze/jasotze puntua, etxez-etxeko zerbitzua, herriko dendetan saltzeko aukera… Gainera, proposamen hauek aurrera eramateko, udalak bolondres taldearen laguntza zuela azpimarratu nahi izan dute EH Bilduko kideek, baina gobernuak ez zuela aukera hau baliatu nahi izan adierazi dute.

 

“Baina, Udalak, etxealdia hasi eta 33 egun behar izan zituen Azoka egiteko. Egun horietan azokak egiteko debekua soilik 3 egunez egon zen indarrean: apirilaren 8tik 11ra,” kritikatu du oposizioak. EH Bilduko kideen ustetan, nonahiko elikadura salmentak jarraitzen zuen bitartean,  bertako ekoizleak babesteko, ekoizpen jasangarriari bultzada ematen jarraitzeko eta produktu freskoen bidez elikadura osasungarria bermatzeko herriko ekoizpenari irtenbide azkarra ematea ezinbestekoa zen. Horretan, Udala, berandu ibili dela gaineratu du; “eta ez nola heldu ez zekitelako, EH Bildutik proposamen egingarri bat aurkeztu baikenien.”
 

 

Zaurgarrienak zauritu

Zaintzari lotuta, ezin izan dute Iurramendi albo batera utzi eta gogora ekarri dute, apirilaren 10ean, Iurramendi egoitzan koronabirusak sortutako kalteei irtenbidea emateko proposamena erregistratu zutela udalean.  Proposamenean, besteak beste, egoiliar zein langile guztiei testak egitea, kasu negatiboak Tolosako beste eraikinetara lekualdatzea… bezalako neurriak biltzen ziren.

 

Merkataritza bonoak

Koronabirusak gogor jo dituen merkatari, ostalari eta autonomoei laguntzeko asmoarekin, Udaletik bultzatu eta herritarren parte hartzearekin aurrera eramateko proposamena egin zuen EH Bilduren taldeak apirilaren 16an. “Erosketa bonoak eskuragarri jartzea proposatu genuen eta horretarako prozedura proposamen bat ere garatu genuen, guretzat garratzi berezia zuen dendak eta tabernak itxita zeuden bitartean, bonoak martxan jartzea. Era horretan, herritarron solidaritatea eta merkatariei emandako babesa nabarmenago islatuko zelako ” azaldu dute.  Bonuak, ordea, maiatzera arte ez ziren martxan jarri.

 

COVID-19 krisiaren ondorioei aurre egiteko proposamena

Pairatzen ari garen pandemia honek osasun egoeran ondorio latzak sortzeaz gain, alor sozial zein ekonomikoan ere kalte handiak eragin ditu eta are okerragoak eragingo dituela ikusita, maiatzaren lehen astean, “COVID-19 krisiaren ondorioei aurre egiteko proposamena” aurkeztu zuen Tolosako EH Bilduk.

Landutako proposamenaren helburuak ondorengoak ziren:

 

 • Krisiaren ondorio sozioekonomikoei erantzun egokia ematea:

- Egoera zaurgarrienean gelditu diren herritarrei oinarrizko laguntzak bermatzea.

- Tokiko ekonomiaren sektore ezberdinei babesa eta laguntza ematea.
 

• Krisiaren beste alderdiak kontuan hartzea eta erantzun egokia ematea:

- Indarkeria matxistaren gorakada.

- Arazo psikologikoen gorakada.

- Kultur ekitaldien eta festen berrazterketa.

- Kultur eragileen egoera.

-...

 

Tolosako EH Bilduko Udal taldeak honako eztabaidarako dokumentu hau Udal Gobernuari aurkeztu zion. Publiko ere egin zuten, “krisi honetatik ahalik eta ondoen irteteko denon elkarlana ezinbestekoa dela sinetsita”. Kasu honetan ere, ez dute inongo erantzunik jaso.

 

Oinezkoen mugikortasuna.

Maiatzaren 12an, pertsonen arteko distantziak hobeto zaintzeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko proposamena egin zuten. “Irtetzeko ordutegi mugatua genuen egun horietan hiru puntu arriskutsu sumatu genituen Tolosan, Olarraingo zubia, Ibaiondo kalea (biala) eta Belateko pasealekuko espaloi eta bide gorriaren estugunea. Mugikortasun sailean landuko zutela esan eta gaur arte,” azaldu dute. Bitartean, bozeramaile bileretan, mugikortasuna gizatiarragoa izateko hainbat proposamen egin dituztela gaineratu dute, hala nola, Zumardi-Txikia herritarron gozamenerako berreskuratzea hainbat egunetan, Zerkausi gaineko terraza irekitzea, erdigune osoan autoen gehienezko abiadura 20 km/o jaistea, Gorosabel asteburuetan garraio publikoa eta bertakoentzat bakarrik erabilgarri uztea… 

 

Sanjoanetan ere, elkarlana ezbaian

Ekainaren 12an San Joan jaiak bertan behera gelditzen zirela esateko prentsaurrekoa egin zuen Udalak. Erabaki hori hartzeko bidea ere maldan gorakoa izan dela aitortu du Aitzol Gartzia zinegotziak. “Azken momentura arte festak egiteko asmoarekin egon da Udala. Guri behintzat hori adierazi digute. Festetarako horren garrantzitsuak diren eragileek egindako lana nabarmendu nahi dugu, alternatiba bat bilatu nahian baino azkenean ez da posible izan. Honen ondorioz atzera pausoa eman du Udalak eta festak bertan behera uztea erabaki du”. Gartziak azaldu duenez, “bezperan sanjoanak ospatzekoak ziren”. Azken momentuko erabakia izan zen, beraz, bertan behera uztea.

 

Festen inguruko lanketa ere errena izan dela gaineratu du. “Bi bilera besterik ez ditugu egin. Eta, bezperan udal teknikari baten eskutik prentsaurrekora gonbita jaso bagenuen ere, oraindik ez genuen eskuartean sanjoanetako behin betiko egitaraurik. Ez genekien zer plazaratuko zen ere prentsaurrekoan” Aldebakartsunez aritzea leporatzen dio, beste behin, EH Bilduk udal gobernuari.

 

Honez gain, Tolosako EH Bildutik mezu bat helarazi nahi diegu herritarrei. Zuhurtziaz joka dezaten eskatu nahi diegu, ez daitezen oraingoan gurean errepikatu bertan behera geratutako festen kontextuan beste herri batzuetan gertatutakoak.


 

Aurrekontuetan ere norabide zehatzik gabe
 

Krisi egoerak Tolosako Udalaren aurrekontuak birmoldatzea behartu du, bereziki, Udalak Finantzazeko Foru Funtsetik 2.837.786,37€ gutxiago jasoko baita, baina baita udal tasa eta zerga bilketa jaitsiko delako ere. Birmoldaketa honi eutsi aurretik, Tolosako EH Bilduk COVID19 krisiaren ondorioei aurre egiteko proposamena aurkeztu zuen. 

 

Bertan, krisiaren ondorio sozioekonomikoei erantzun egokia emateko neurriak aipatzen ziren, alorrez alor. Aitana Amondarain zinegotziak azaldu duenez, “gaurko erronka honi aurre egiteko gidalerroak finkatu genituen udalak denborarekin, aurretiaz eta elkarlanean hausnartutako erantzun onena eman ziezaien herritarrei”. Hau da, ezinbestekoak ziren gastuak alde batera utzita, atzean pertsonak ez zituzten inbertsio eta proiektuak lehentasunetatik kanpo uztea zen estrategiaren iparrorratza.

 

Amondarainen hitzetan, aurrekontuak tresna tekniko izateaz gain, tresna politikoak ere badira eta proposatzen diren proiektuak bildu beharko lituzkete, herriarekiko hartutako konpromisoak jaso beharko lituzkete.. Modu berean, aurrekontuen birmoldaketa honek ere udalak krisi honen ondorioei aurre egiteko estrategia erakutsi beharko luke, eta orain arte ikusitakoak mesfidati izatera daramatza. Izan ere, gaur-gaurkoz  halabeharrez bertan behera gelditu diren partidak izozteko asmoa besterik ez du adierazi Udalak. “Egungo errealitateak erakutsi digu beharrak egun batetik bestera alda daitezkeela, baina era berean kudeaketa eredu on batek etorkizuneko balizko erronkei aurre hartzea eskatzen duela ere ikusi dugu, eta oraingoz, Udalaren partetik, aurreikuspen gutxi ikusten dugu”.

 

“Gaur dakigunez, orotara, aurrekontuak ia 3.500.000€tako murrizketa jasango du,” azaldu dute. Eta, beren ustetan, hasierako aurrekontuaren ia %12,7; ez da inondik ere ahuntzaren gauerdiko eztula. “Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu birmoldaketa, ordea, partziala izatez gain, ez du norabide zehatzik erakusten. Ez dute hausnarketarik egin murrizketa hauek izan beharko luketen oinarrian eta norabidean.”


 

Elkarlanerako guztiz prest

 

Bukatzeko, Tolosako EH Bilduk elkarlanerako borondate osoa azaltzen du. Besteak beste, horregatik hartu dute parte Tolosako Udalak martxan jarri duen Tolosatzen parte hartze prozesuan. “Udala osatzen dugunon elkarlanean ez ezik, herritarrokin etengabeko elkarrizketan dagoen udalgintza babesten dugulako; hots, herrigintzan sinesten dugulako”, argudiatu du Martinez de Rituertok. 

 

Parte hartze prozesu horren harira egindako hitzartzean esan bezala, EH Bilduren ustez “bizi dugun krisi honek agerian jarri du elkarlana eta komunitatearen  garrantzia. EH Bildun irmoki sinisten dugu gobernantza partehartzailean. Gobernuak, beti, herritarron iritzia, teknikariena, zein oposizioan gauden alderdiona kontuan hartu beharko luke.”

 

Parte hartzea egiazkoa izan dadin, esparru guztietan eman beharko litzatekeela gaineratu du: “Erronka oso potoloak ditugu aurrean, sozialak, ekonomikoak, ekologikoak, kulturalak… Erronka hauei aurre egiteko eta inor atzean utziko ez duen jendarte justuagoa eta jasangarriagoa lortzeko bidea, denok elkarrekin egin behar dugu. Bide hau, herritarrak, teknikariak eta ordezkari politikook aktiboki parte hartzen egin behar dugu.”

 

Aurretik Gartziak adierazi bezala, datozen egunetarako zuhur eta zentzuz jokatzeko deia errepikatu nahi du Rituertok. “Hobeto gaude, dudarik gabe, baino arriskuak hor dirau. Eta ezin dugu erlaxatu. Larunbatean jende asko ibiliko da kalean, saia zaitezte distantziak mantentzen eta jende pilaketak ekiditen. Horrela, gertuago egongo da festaz lasaitasunez gozatzeko unea”.

 

Mezu honekin amaitu du: “Elkarrekin, balore solidarioak lehenestuz eta komunitate izaera indartuz egin behar dugu aurrera!” Eta, honi lotuta, eskerrak eman nahi izan ditu: “Auzolanean Tolosa taldeak eta Tolosaldeko Asanblada Feministak zaintzaren esparruan egindako lan aitortu nahi diegu.  Periferiakoak erdigunera ekartzeagatik eskerrak eman dizkie.  Eskerrik asko ere osasun zentroko, etxez etxeko zerbitzuko eta asuncion klinikako langileei.  Babes zibilari, DYAri, Gurutze Gorriari, Peñaskal, Adinkide eta Zutani erakundeei ere, eskerrik asko, baita beraiekin lanean aritu diren Udaleko Gizarte Zerbitzuko eta Berdintasun Saileko langileei ere.  Gainontzeko udal langileei ere, eskerrik beroenak. Eta, era batera edo bestera, krisi hau leunagoa egiten lagundu duzuen herritar anonimo guztiei. Mila esker!”