AKTUALITATEA


| 2021-03-17 15:05:00
  • - Herriko 22 norbanako eta eragileekin elkarlanean egin du plana EH Bilduk.
  • - 2020ko aurrekontua mantendu eta 300.000 euroko aurrekontuarekin 60 kultur ikuskizun programatzea proposatzen du planak.
  • - Tolosako 26 kokaleku desberdin proposatzen dira, herrigune, auzo zein landa-auzoetan kultur ekitaldiak banatuz.
  • - Kultur eragile zein auzo elkarteekin programazioa eta kokalekuak lantzeko jarraipen batzordea sortzea aurreikusten du egitasmoak.

​DESKARGATU PLANA HEMEN

Pandemiak kultur programazioan eta eskaintzan goitik behera eragin du. Horrela, segurtasun neurriek, eta batez ere, pandemiak sorturiko beldurrak kultur jardueran eta eszenari zuzen-zuzenean eragin diote. Tolosako EH Bilduk, gaiak duen garrantzia ikusita, Kultura Indarberritzeko Plana osatu du, herriko kultur eragileekin elkarlanean; guztira, Tolosako 22 norbanako eta eragilek hartu dute parte planaren erredakzioan eta ekarpenetan. Egoeraren diagnosia egin, plana idatzi, eta ondoren proposamena kontrastatu da eragileekin, horien ekarpenak bildu eta ondoren, udaleko kultur teknikariei ere aurkeztuz.

Kultur plan honek, beraz, bi helburu ditu. Alde batetik, herritarrak kulturaz modu seguruan gozatzeko aukera eskaintzea, herriko txoko, auzo eta gune desberdinetan programazio jarraitu eta anitza eskaintzen; eta bestetik, sortzaileei eta teknikariei lan egiteko aukera eskaintzea, biharko egunean, pandemia pasata, kultur emaria eten ez dadin.

Plan hau Tolosako Udalak bere aurrekontuetan kultura eta festetarako 2020ean zuen aurrekontu proposamena 2021ean eutsita finantziatzea aurreikusten da. Esan beharra dago, aurrekontu honek 300.000 euroko jaitsiera izan duela 2021ean, eta 2020ko inbertsioa mantenduz, 300.000 eurokoa da plan hau aurrera eramateko aurrekontua. Aurrekontu horrekin, 60 ikuskizun programatzea aurreikusten da, herritarrentzat doan izango direnak. Hori horrela, ikuskizun bakoitzak, bataz beste, 5.000 euroko aurrekontua izango du.

Gainerako kultur eskaintzarekin bateragarria

Tolosak urtean zeharreko programazio kulturalarekin jarraitzen du, batez ere Leidor antzokiko programazioarekin. Honekin eta gainerako eragileek antolatu ohi dituzten jaialdi eta saioekin bateragarri izango da plan hau, bikoizketak ekidin, eta bakoitzaren egutegiak eta ordutegiak errespetatuz, eta orekari eutsiz. Hau horrela, formatu txikiko ekitaldi kulturalak burutzea proposatzen da, larunbat, igande eta jai egunetan zein udan zehar egingo direnak. 

Kokapenari dagokionean, herriko auzune desberdinetan urte guztiko programazioa osatuko litzateke, landa auzo, herrigune zein Tolosako auzoetan saioak antolatuta; denera, 26 kokaleku identifikatu dira eragileekin elkarlanean. Eguraldi txarraren baitan aproposak izan daitezkeen kokapenak aztertuko dira, behar izanez gero estalkiak jarrita ekitaldi kulturalak aurrera eramatea bideragarri izango direnak. 

Kultur jardun anitza proposatzen da eta zentzu horretan, musika, antzerkia, dantza, txotxongilo, bertso, pailazo, clown eta bakarrizketak zein bestelako arte diziplinak jorratzea proposatzen du planak. Bertako zein kanpoko sortzaileen parte hartzea bermatzen beti ere, euskaraz eta euskal kulturaren sustapenean lanean diharduten eragileak lehenetsita, nola ez, Tolosako sortzaileek lehentasuna izango dute kultur egitasmo honetan. Aldi berean, adin tarte desberdinentzat egokitutako eskaintzak presentzia izango du programazioan, eta eskainiko diren ekitaldien ehuneko finko bat, adin talde desberdinentzat aproposa izango dela aurreikusita osatuko da agenda. 

Egitarau hau osatu eta lantzeko jarraipen mahaia eratzea proposatzen du Kultura Indarberritzeko Planak, eragileen eta kultur teknikarien elkarlanaren bidez sortuko delako eskaintza orekatu eta egokiena. Auzo elkarteen bidez, programazioaren kokapena zehaztuko da, beren proposamenak aztertzearekin batera, eskaintza hau modu orekatuan herriko txoko eta auzune desberdinen artean banatzen. Esan bezala, planak proposatzen duen eskaintza kulturala osatzeko Tolosako Udalak lan eta jarraipen batzordea martxan jartzea proposatzen da, etorkizunean ere herriko kultur eragileekin batera agenda kulturala lantzeko tresna izango dena.

Eragileen ohiko dinamika ahalbidetzeko beharra

Plan hau lantzerako garaian artista eta eragileek hainbat behar eta kezka ere azaldu dituzte. Pandemiaren ondorioz beraien egoerak okerrera egin duela argi dago, eta azaleratu den arazoetako bat da orain arteko entrenamendu eta entsegu dinamika jarraitua eten egin dela. Tolosako Udalak azpiegiturak eta beraien aktibitate artistikoak gauzatu ahal izateko lokal eta tailer egokituak uzten dizkie sarri talde horiei, baina pandemia egoerarekin horiek erabiltzeko aukerak oso talde gutxitara murriztu dira. Honek, artisten jarduna eragotzi du, zenbait kasutan taldeen dinamikak ezerezean uzteraino. 

Arazo honen aurrean, plan hau garatzearekin batera taldeen beharrei erantzuna emango dien azpiegituren aurreikuspena egin beharra azaleratu nahi du EH Bilduk. Momentu honetan, profesionalak ez diren jardun artistikoak mugatuta badaude ere, osasun larrialdi egoera arintzen denerako, modu seguruan euren jardunari ekin ahal izateko azpiegiturak aurreikusi behar ditu Tolosako Udalak, sortzaileek ahal bezain pronto euren ohiko dinamika berrekin ahal izateko.